angle-left STEM Planetak eta Elhuyarrek ikertzaile gazteak eta ikasleak elkartu ditu gaur Planetarioan

DBHk ikasleek zientzia eta teknologiako proiektuen inguruko iradokizun eta aholkuak trukatu dituzte “Parekoen arteko topaketan”

2022/02/28

Nafarroako hainbat ikastetxeetako DBHko ikasleak STEAM Planetak eta Elhuyarrek antolatu duten “Parekoen arteko topaketan” hartu dute parte gaur goizean. 

Ikertzaile gazteez eta ikasleez gain bertan parte hartu dute Agurtzane Martínez Origosa, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza zuzendari nagusiak; Javier Armentia, Fructuoso Iruñeko Planetarioko zuzendariak; STEM-Planetako Sarah G. Hualdek;; Maria Uresandi, ADITech Fundazioaren arduradunak; eta Danel Solabarrieta Arrizabalaga, Elhuyar Zientzia Azokako arduradunak.

Topaketaren helburua da ikertzaile gazteek ikasleekin proiektuak partekatzea. Goiz osoan aritu dira iradokizun eta aholkuak trukatzen, horien artean ‘Elhuyar Zientzia Azoka’ proiektuan parte hartzen ari diren Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako hainbat ikasle izan dira, esaterako, Leitzako Amazabal BHI, Mutiloako Luis Amigó Ikastetxea eta Iruñeko Biurdana BHI. Guztira 11 talde eta 33 ikasle. Eta eurekin batera Nafarroako Unibertsitatetako eta hainbat ikerketa-zentrotako 14 ikertzaile gazte ere.

‘Elhuyar Zientzia Azoka’ proiektua

Elhuyar Zientzia Azoka Elhuyarren ekimen bat da: ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jasoz. Nafarroako ikasleek ekainean Bilbon egingo den azokan aurkeztuko dizkiote publikoari beren lanak.

Parte-hartzaileek bi eta lau ikasle arteko talde txikiak osatzen dituzte, eta berek aukeratutako gai baten inguruan egiten dute lan. Bi modalitate daude: ikerketa-proiektua aukeratuz gero, ikasleek berek aukeratutako arazo edo galdera bati irtenbidea edo erantzuna aurkitzeko proiektu bat garatu behar dute. Proiektu teknologikoa aukeratuz gero, berriz, jarritako erronkari erantzungo dion produktu teknologiko bat gauzatu behar dute. Proiektuen aurkezpenak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin daitezke. Ikasleek unibertsitateko ikertzaile profesionalen eta irakasleen laguntza dute proiektuak gauzatzeko, eta aukera dute haiekin bizipenak partekatzeko ere. 

Teknozientzia azokari dagokionez, aurten apirilaren 9an egingo da. Nafarroako 19 ikastetxetako ikasle-taldeak ari dira proiektuak prestatzen ekimen honetarako, eta horietako asko, Elhuyar Zientzia Azokak ekainean Bilbon egingo duen azokan hartuko dute parte.

Esperientzia, ez lehia

Elhuyar Zientzia Azoka ez da lehiaketa bat, talde-lanean oinarritutako esperientzia aberasgarri bat da eta ikerketarekiko konpromisoa handitzea du helburua. Era berean, STEM Planeta-Iruñeko Planetarioak eta Elhuyarrek antolatutako topaketa honen helburua da ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sarea indartzea Nafarroako foru-erkidegoan, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.