angle-left Erreginak COVID-19ak baldintzaturiko ikasturte berria inauguratu du Milagron eta San Adriánen

Letizia andreak kutsatzeak saihesteko hartu diren neurriak ezagutu ditu irakasle-taldeen eta ikasleen ahotik

2020/09/14

Erregina Nafarroako Milagro eta San Adrián herrietara joan da gaur, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasturteari hasiera emateko. Letizia andreak, María Chivite Nafarroako Lehendakariarekin eta Isabel Celáa Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministroarekin batera, bisita egin dio Milagroko Nuestra Señora del Patrocinio HLHEPari, eta San Adriángo Ega BHIari, COVID-19 pandemiari aurre egiteko ikastetxeek egin beharreko egokitzapenek baldintzaturiko urtean.       

Letizia andreak ezarririko neurrietako batzuk ikus ahal izan ditu bertan: ate bat baino gehiagotik sartzea pilaketak saihesteko, ikastetxeen barnean seinaleztaturiko ibilbideak, patioetan mugarritutako guneak…. Aldi berean, Lehen Hezkuntzatik aurrerako ikasleek musukoa erabiltzen zutela eta eskuak eta gainazalak desinfektatzeko soluzio hidroalkoholikoak zeudela behatu ahal izan du.    

Jardunaldia Nuestra Señora del Patrocinio HLHEPan hasi da, Milagroko behe-mailako hezkuntza-eskari osoa asetzen duen ikastetxean. Bisitaldian Erreginari lagundu diote, halaber, José Luis Arastik, Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak; Carlos Gimeno Foru Gobernuko Hezkuntza kontseilariak; Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariorde Inmaculada Juríok, Milagroko alkate José Ignacio Pardok; eta Hezkuntzako estatu-idazkariak, Alejandro Tianak. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako lau taldetako ehun bat ikasle Letizia andrea agurtzera irten dira eskolaren kanpoaldera. 

Dibertsitateari arreta

Ikastetxeko zuzendariak, María Carmen Pérez Gardek, harrera egin die bisitariei, eta instalazioak eta harturiko higiene-neurriak erakutsi dizkio Erreginari. Letizia andreak minutu batzuk eman ditu eskolako ikasleekin, gela bakoitzerako egokitu diren guneetan egiten zituzten jolasak ikusiz. Atalka zatituriko patioan, Haur eta Lehen Hezkuntzako hainbat ikasle agurtu ditu. Ikastetxeak toki gehiago lortu ahal izan du Udalak ondoko kiroldegi-gunea laga diolako; hala, ikasleak banatu ahal izan dituzte, jolas-orduetan distantziak mantentze aldera.

Eraikinaren barnean, Erregina, María Chivite Lehendakaria eta Isabel Celáa ministroa Haur Hezkuntzako 3. mailako gela batera joan dira. Han, eskolak emateko eta 5 urteko umeekin segurtasun-neurriak mantentzeko metodologia azaldu diete.  

Eskolak instalazio berriak inauguratu zituen 2008-2009an eta 364 ikasle ditu gaur egun, horietatik 118 Haur Hezkuntzan eta 246 Lehen Hezkuntzan, María Carmen Pérez Garde zuzendariak azaldu duenez. 36 irakaslek eta orientatzaile batek dihardute hezkuntza-lanetan, eta haiekin batera bi zaintzaile eta Hezkuntza Bereziko ikasleentzako fisioterapeuta bat ere badaude, administrazioko eta atezaintzako langileez gain. HLHEPa HIP eredua (Hizkuntzak Ikasteko Programa) lantzen hasi zen duela zazpi urte, eta ondorioz ingelesez irakasten hasi zen ikasgaien erdia inguru. Gainera, aurreko ikasturtean PAI-A ereduan jarduteko aukera gehitu zuen Haur Hezkuntzan, eta beraz, ingelesaz gain euskara irakasten da 4 orduz.  Gaur egun eredu elebiduna Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte iristen da, hau da, bi ikasturte barru ikastetxe osoa HIP izanen da.    

Ingelesaren irakaskuntza areagotzeko nahiaz gain, ikastetxearen ezaugarri nagusietako bat dibertsitateari eskaintzen dio arreta da. Pérez Garderen esanetan, HLHEPak “dibertsitateari arreta eskaintzen dio, eta inklusioa eta barneratzea lantzen ditu”. Jatorria atzerrian duten eta ama hizkuntza gaztelania ez duten ikasleen portzentaje handi bat izanik, eta horietako asko berandu sartu direlarik eskolan, ikastetxeak lanean dihardu ikasketa-mailak orekatzeko eta ikasleek oinarrizko trebetasunak eskuratzeko.      

EGA BHI, erreferentziazko ikastetxea

Nuestra Señora del Patrocinio HLHEPari eginiko bisita burutu ondoren, taldeak San Adrián herrira jo du. Han, Ega BHIaren instalazioetan ibili dira; ikastetxea erreferentziazkoa da, udalerri horretako ikasleentzat ez ezik, Andosilla, Cárcar eta Azagrakoentzat ere. Horregatik, hain zuzen ere, San Adriango alkate orde Jesús Solak eta beste hiru udalerrietako alkateek egin diote harrera Erreginari: Rubén Medrano (Azagra), Javier Sanz (Andosilla) eta Teresa Insausti (Cárcar).

BHIko zuzendariak, David Herrerosek, eta zuzendariordeak, Isabel Mendazak, institutua erakutsi diote Letizia andreari. Bigarren Hezkuntzatik aurrerako hezkuntza-eskaintza osoa biltzen duen Nafarroako ikastetxe bakarra da San Adriángoa: DBH, Batxilergoa, Erdi eta Goi Mailako LH, helduentzako hezkuntza, curriculum bereziko unitateak, dibertsitateari arreta emateko ikasgelak eta helduarorako trantsizio-ikasgelak. Hori dela eta, oso handia da. Herrerosek eta Mendazak ikastetxearen deskribapen laburra egin diote Erreginari; 735 ikaslek dihardute bertan, horietatik 410ek DBHn eta 95ek Batxilergoan. “Gainera, ikastetxea etengabe hazten ari da. Urtero handitzen da ikasle-kopurua, batez beste 25 edo 30 ikasle gehiago harturik”, azpimarratu dute.                

Institutua, lau herri horietarako erreferentziazko ikastetxea izateaz gain, mugako ikastetxea ere bada, Errioxatik bost kilometro eskasera baitago; hori dela eta, bi autonomia-erkidegoetako ikasleak hartzen ditu. Letizia andrea instalazioen zati batean ibili da; batetik 1996an eginiko DBHko eraikina dago, eta bestetik hezkuntza ez-derrigorrezkorakoa, 1999koa.  2013ra arte ez ziren biak batu. Gainera, LHko eskolak emateko, ikastetxeak 900 metro koadroko fabrikazio-nabe bat, tailerrak, laborategiak eta enologia-gela duen upategi bat ditu.   

Instalazioak handiak izanagatik, egokitzapenak egin behar izan dituzte COVID-19 pandemia betean ikasturte berriari ekin ahal izateko. Izan ere, Erreginak bisitatu duen ekitaldi-aretoa, izatez moduluz eginiko gela bat dena, ikasgela bihurtu behar izan da Batxilergoko 1. mailako ikasleek elkarrengandik behar bezain aldendurik jaso ahal izateko eskolak. Une horretan ‘Komunikazioa, hedabideak eta publizitatea’ ikasgai sortu berria ematen ari ziren, eta Letizia andreak berebiziko interesa agertu du horrekiko. Bisitaldian, gainera, adimen-desgaitasuna duten ikasleen ikasgela alternatibora joan dira.      

Ikasleekin topaketa

Bisitari-taldeak Bigarren Hezkuntzako jolas-orduen eta Gorputz Heziketako eskolen antolakuntza behatzeko aukera izan du patioan eta frontoian. Ikastetxeak lanketa handia egin du instalazioen barnean ibilbideak adieraztekio eta ikasgela desberdinetako ikasleek gune berean bat egitea ekiditeko, burbuila-unitate direlakoak era daitezen. “Sarrerak eta irteerak mailen arabera antolatu dira, eta ikasleen mugimenduak elkarrekin ez gurutzatzeko eta gutxieneko tartea uzteko antolaturik daude”, azaldu dute Herrerosek eta Mendazak. Haiek zuzenduriko taldean 110 pertsona dabiltza hezkuntza-lanetan, eta beste 5 administrariak, atezainak eta mantentze-langileak dira.         

Erreginaren bisita bukatzeko, hezkuntza-komunitatearekin bilera egin dute ikastetxeko liburutegian, Letizia andrea, Chivite Lehendakaria eta Celáa ministroa buru, egokitzapena nolakoa izan den eta ikasturtea ahalik eta normaltasunik handienaz hasteko erronka eta arazo handienak zeintzuk izan diren jakiteko. Topaketan parte hartu dute zuzendaritza-taldeak, gurasoen elkarteak eta ikasleen bi ordezkarik: Batxilergoko 1. mailako Iranzu Elizalde Lópezek eta DBHko 4.eneko Javier Alcalde Gimenok.

 

Milagroko eta San Adriango ikastetxeetara egindako bisitaren bideoa