angle-left Enpresetan praktikak egiten dituzten Lanbide Heziketako ikasle nafar guztiak Gizarte Segurantzan alta emanda egongo dira urtarrilaren 1etik aurrera

Carlos Gimeno kontseilariak esan du neurria gizartearen aurrerapauso handia dela, eta Nafarroako Lanbide Heziketako Kontseiluko kideei jakinarazi die Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak % 100ean finantzatuko duela

2023/12/18

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera enpresetan praktikak egiten dituzten Nafarroako Lanbide Heziketako ikasle guztiak Gizarte Segurantzan alta emanda egonen dira. Horixe aurreratu die Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko kideei, gaur legegintzaldiko lehen bilera egin baitu Departamentuaren egoitzan, Iruñean.

Kontseiluaren bileran izan dira Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen, Gizarte Ekonomiaren eta Enpleguaren sailburua, Luis Calatayud Lanbide Heziketaren, Digitalizazioaren eta Hezkuntza Zerbitzuen zuzendari nagusia eta Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Miriam Martón, eta enpresetako, hezkuntzako, sindikatuetako eta gizarteko ordezkariak.

Foru Gobernuak lan-organo hori osatzen duten eragile ekonomiko eta sozialei jakinarazi die 2024an Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak bere gain hartuko duela praktikak enpresetan egiten dituzten LHko ikasleen kotizazioen kostu ekonomikoaren %100. “Aurrerapen sozial handia da”, esan du Carlos Gimenok, “ikasleen prestakuntza indartu eta Gizarte Segurantzaren estaldura handitzen du langile ez diren kolektibo berrientzat”. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko ditu legezko eskakizun horren ondoriozko kudeaketa prozesu guztiak, eta LHko ikastetxe itunduei ikasle horien altak eta bajak kudeatzeko azken tresna automatizatuak eskaini dizkie.

Bileran, Luis Calatayud zuzendari nagusi berriak LHko curriculumak eguneratzeko Sailak bultzatu dituen lanen garapenaren berri eman die Kontseiluko kideei. Guztira, 120 titulazio dira, eta LHko sistemaren antolamendu berrira egokitzen ari dira curriculumean lanbide-heziketako 150 irakasle, 2024ko maiatzerako bukatzea espero den prozesu oso aurreratuan. Prestakuntza-zikloak digitalizazioaren, iraunkortasunaren, enplegagarritasunaren eta ingelesezko prestakuntzaren irizpide berrietara egokitu behar dira, onarpenerako eta ebaluaziorako foru agindu berri bat iragarri den esparruan.

Jorratutako beste gai batzuk

Azken ikasturteetan Nafarroako LHko ikasketetan matrikulak izan duen igoera gogoratzeaz gain, Gimeno kontseilariak zikloen %100 Iruñean eta Tuteran eta ia %100 Nafarroako gainerako eremuetan matrikulatzea azpimarratu du.

Nafarroako LHko Kontseiluko kideek jakin ahal izan dute 2023ko bigarren seihilekoan 32.140 prestakuntza-ordu baino gehiagoko 255 ekintza egingo direla, guztira, eskumenen enplegu egiaztagarrirako prestakuntzaren arloan. Ekintza horiek, guztira, 79 ziurtagiritan egingo dira, LHko 26 familietatik 23tan. Lehen seihilekoan 211 ekintza egin ziren arlo horretan, eta guztira 3.165 pertsonak parte hartu zuten. Arlo horretan, sailburuak prestakuntza itunduko zentroen eta zentro pribatuen lankidetza nabarmendu du, Sailak bultzatutako deialdietan parte hartuz. Deialdi horietan, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta, lehen aldiz, prestakuntzako erakunde pribatuak ere sartzen dira.

Bestalde, Maeztu sailburuak nabarmendu du Foru Gobernu osoak enplegurako prestakuntza zabaldu eta hobetzeko duen bokazio irmoa, bere sailetatik, eta azpimarratu du enpresek merkatuak eskatzen dituen kualifikazio profesionalak izateko beharrari erantzuteko egiten dituzten ahaleginak.

Halaber, Kontseiluak jakin du Europako MRR funtsen bidez finantzatutako proiektuen %100 gauzatu direla, eta proiektu horiek eragina dutela ziklo elebidun berrietan, eskaintza birdimentsionatzean, ekintzailetzako INIZIA geletan edo ATECA geletan, besteak beste.

Bai Carlos Gimenok, bai Luis Calatayud-ek nabarmendu dute “garrantzi izugarria” duela LHko bost zentro integratu Espainiako LHko bikaintasun-zentroen sare esklusiboan izateak. Arlo horretan, autonomia-erkidegoen rankingaren buru da Nafarroa, zentroen zerrenda esklusibo horretan. Horrek, 5 milioi euroko aparteko finantzaketa bermatzeaz gain, aukera berriak eskaintzen dituen sare nazional zabal batean lan egitea ahalbidetzen die.