angle-left Torre Monreal ikastetxearen handitze lanak lizitatuko ditu Hezkuntzak

Patioaren handitzea, gela berriak, erabilera anitzeko gela, bulegoak eta liburutegi zerbitzua hartuko duen espazioa aurreikusten ditu proiektuak

2018/03/20

Hezkuntza departamentua Tuterako Torre Monreal ikastetxe publikoa handitzeko lanen zuzendaritza proiektuaren kontratazioa egiteko prozedura ebaztekotan da. Gaur egun 60 ikasle hartzen dituen Tuterako ikastetxeak dituen leku premiak asebeteko ditu proiektuak. Ikastetxe publikoak, gainera, pedagogia terapeutikoan irakasle kopurua gehitu du, eta zaintza ordu gehiago ditu.

Tuterako Torre Monreal ikastetxea handitzeko lanak egingo ditu Hezkuntza departamentuak, ikasleei eta funtzionamendu beharrei erantzuteko. Handitze lanen lizitazioa 2018ko bigarren hiruhilekoan egingo da. Aurretik proiektuaren kontratazioa argitaratuko da Nafarroako gobernuaren kontratazio webgunean; lizitazioan ondoen baloratzen den proiektuak zehaztuko du aurrekontua.

Handitze proiektuak hainbat esku-hartze aurreikusten ditu. Batetik, jolastokia handituko da; horretarako Nafarroako gobernuak 1570,40 metro koadroko lursaila eskuratu behar izan du. Bestetik, eraikinaren beheko solairua handituko da, 2 ikasgela gehiago eta erabilera anitzeko gela egiteko; guztira 140 metro koadro gehiago izango ditu beheko solairuak. Hirugarrenik, patioa eta siesta edo aisialdi gelaren arteko kanpoaldeko pasa-lekua estaliko da; gutxienez 4 metro zabaletara izango ditu estalkiak eta estalitako 52,80 metro koadro irabaziko dira. Azkenik, sotoan egingo diren lanei esker, bi bulego, liburutegi zerbitzua eta bilera gela hartuko dituen lekua eta komunak gehituko dira; 165 metro koadroko espazioa.

Horrez gainera, Hezkuntza departamentuko Azpiegitura Zerbitzuak teilatu zati baten berritze lanak ere aurreikusi ditu, fibrozementu plakak kendu eta isolamendu termiko egokia ahalbidetzeko; barruko igerilekuaren filtrazioak ekiditeko lanak ere egingo dira.

Proiektua idazteko 45 eguneko epea egongo da eta behin proiektua aurkeztuta, eta beharrezko baimenak eskuratuta, Azpiegitura Zerbitzuak lizitazioa gauzatuko du, lanak lehenbailehen has daitezen.

Baliabideak handitzea

Bestalde, Torre Monreal ikastetxe publikoaren ikasleen beharrei erantzuteko, pedagogia terapeutikoan irakasle kopurua handitu du Departamentuak; eta baita zaintza orduak ere. 17-18 ikasturterako Torre Monreal hezkuntza bereziko ikastetxe publikoak 22 ordu gehiago ditu pedagogia terapeutikoan eta aurretik baino 48 zaintza ordu gehiago. Beraz, 16-17 ikasturtean hasitako zuen bideari jarraitu dio aurten ere Hezkuntza departamentuak. Izan ere, orduan irakasle bat gehitu zuen lan-taldera, pedagogia terapeutikoaren ordu kopurua 353ra igo zuen eta zaintza-orduak, berriz, 38 gehiago jarri zituen (500 ordu guztira). 17-18 ikasturtean, berriz, pedagogia terapeutikoa 375 ordu ematen dira Torre Monrealen eta zaintza-orduak, berriz, 548 dira.

Departamentuak, beraz, Tuterako ikastetxearen beharrizan guztiak artatzen ditu gaur egun. Hala, 20 zaintza ordu gehiago ezarri dira, ohiko matrikula-aldian ikasle bat gehiago gehitu zelako, eta iraileko ezohiko matrikulan, berriz, beste 4. Aldiz, lau horietatik batek atzera egin zuen eta azkenik 3 ikasle gehiago hartu zituen zentroak, ezohiko matrikula epean. Beharrizan horiei erantzuteko Ordenazio, Orientazio eta Aukera Berdintasuneko Zerbitzuak azaroaren hasieran berrikusi zituen baliabideak gehitzeko aukerak eta ikasle gehiago hartu izanak ratioa gehitzea ekarri arren, bikoizketarik ez zuela eragiten konprobatu zen. Hala, azaroaren 22an zuzendaritza, ikuskaritza eta Aniztasuna artatzeko sailaren arteko bileran adostu zen 20 zaintza ordu gehiago eta pedagogia terapeutikoan 4 ordu gehiago ezarriko zirela, epez kanpoko ikasleak artatu ahal izateko. Geroxeago, Departamentua harremanetan egon da ikastetxearekin, ikasle gehiago gehituko zirela-eta. Baina, matrikula berririk egon ez denez, ikastetxeak mantendu egin ditu azaroan ezarritako baliabideak.

Epez kanpoko matrikulan datozen ikasleen beharrei erantzuteko, ikastetxeetan ezartzen diren baliabideak zehazteko, ratioez gainera, ikastetxeek eurek jakinarazten dituzten premiak ere aztertzen dira. Kasu hauetan, era horretako egoera bat ematen den ikastetxe orotan, hasierako antolaketa egokitzen da egoera berrira. Departamentuak beti aztertzen ditu ikastetxe bakoitzak aldez aurretik helarazten dituen beharrizanak eta balorazioaren ondoren ezartzen ditu behar diren baliabide pertsonal gehigarriak.