angle-left Argitalpen batek Xole Erbiti Arbillaren biografia jaso du, Nafarroako Gobernuko lehen euskara teknikariarena

35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan, 1972tik 2007ra

2020/06/17

Xole Erbiti Arbilla

Gaur aurkeztu berri den argiltapen batek Xole Erbiti Arbillaren biografia jaso du, Nafarroako Gobernuko lehen euskera teknikariarena. Erbiti 35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan.

Xole Erbiti Arbillak (1942-2009), Illarregiko (Ultzama) Urrikenia etxean jaioak, 1972an eskuratu zuen euskara teknikari plaza - Nafarroako Gobernuak ateratako lehenengoa-, eta bertan jardun zen lanean 2007an erretiroa hartu zuen arte.

Bidegileak, euskararen alde lanean nabarmendutako pertsonen biografiak biltzen dituen bildumak, gaur goizean Donostian aurkeztu ditu kolekzioko lan berriak, eta horien artean, Xole Erbiti Arbillaren, Nafarroako Gobernuko lehen euskara teknikariarena.

Hezkuntzako Euskara Zerbitzuan eginiko lanen artean Nafarroako herrietako euskara maila ezagutzeko azterketak egin; bertsolaritza, idazmen, olerki, antzerki zein haur kantu txapelketak antolatu; Príncipe de Viana kultura aldizkarian euskal orria argitaratu; zein euskara sustatzeko kanpainak garatu zituen.

Nafarroako Gobernuan lanean hasi aurretik irakasle izan zen Beruetako eskolan; izan ere, Julia Fernández Zabaleta, Montessori pedagogiaren jarraitzaileak eta euskaltzale sutsuak piztu zion euskarekiko kontzientzia eta irakaskuntzarako joera. Irakaskuntza lanekin lotuta hezkuntzako euskara atalean irakasleentzako ikastaroak antolatu zituen; horietan parte hartu zuten irakasleen artean ziren, besteak beste, Joxemiel Barandiaran, Manuel Lekuona, Damaso Intzakoa, Aingeru Irigarai, Martzelino Garde eta Santi Onaindia.

Xole Erbiti Arbillaren biografia Alberto Barandiaran Amillanok idatzi du, eta Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du Bidegileak bildumaren baitan.