BIZIKIDETZAREN VII. ASTEA OTSAGABIKO IKASTETXEAN - BIZIKIDETZAREN VII. ASTEA OTSAGABIKO IKASTETXEAN - Dpto
Zaraitzun bizitzeko aukerak zein beharren azterketa eta ibarreko komunitatearen elkarbizitza marraztea izan dira aurten jorratutako gaiak.
2019/04/29
Ekintzak prestatu aurretik, eskolako Bizikidetza Batzordeak familiak eta irakaslegoa gehien kezkatzen duten gaiak ezagutzeko inkesta bat prestatu zuen. Horretaz gain, joan den ikasturtean egindako Bizikidetzaren Egoeraren Diagnositik ateratako ondorioei jarraiki, familien parte hartze aktiboa bultzatzeko ahalegina egin zen, aurtengo Bizikidetza Astea Guraso Elkartearekin batera prestatu zelarik.
Astelehenean, etorkizunerako ikuspegia lantzen hasi ziren. EUTSI taldeko erretiratuekin batera, HH eta LHko ikasleek lore landaketa berezi bat egin zuten eskolako baratzean. Lore bakoitzarekin batera, hurrengo urterako desio bana lurperatu zuen partaide bakoitzak. Desio horiek heldu den urtean irekiko dira. Landaketa egin ondoren, erretiratuek erakutsitako jolasetan aritu ziren denak. DBHko ikasleek Zahar Egoitzan aritu ziren loreak landatzen, bertako egoiliarrekin batera. Arratsaldean, Patxi Sanjuanen “De tropezones y trompazos. Comunicación y conflicto” izeneko hitzaldia egon zen Eskolako liburutegian.
Astearte goizean, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Emozio Tailerra egin zuten Maia Barberren eskutik. Eguerdian, ikasle eta irakasle guztiak elkartu ziren eskolako bizikidetzako “Praktika onak” entzuteko. Eskolan sortu diren arazo ezberdinen aurrean bilatu eta garatutako konponbideak azaldu zituzten ikasleek eta Bitartekari Taldeak dinamika prestatu zuen emanaldia borobiltzeko. Arratsaldean, LHko 5 eta 6. mailako ikasleek, DBHkoekin batera, Zaraitzuko bizitzari buruzko diagnosi bat egin zuten, hainbat ama eta aitaren laguntzarekin. Ibarrean bizitzearen aukerak eta gabeziak aztertu zituzten eta argi ikusi ahal izan zen balio handia ematen diotela bertan bizitzeari, askatasuna, natura eta harreman estu eta konfiantzazkoak izanda gehien errepikatu ziren ideiak.
Asteazkenean, Zaraitzun bizitzearen bizipoza grafikoki islatzea izan zuten helburu. Ikasle helduenek bideo muntai batzuk prestatu zituzten, aurretik bakoitzak bertan zoriontsu bizi den pertsona bati elkarrizketa bana eginik. Ikasle txikienek horma-irudiak prestatu zituzten aurretik ekarritako argazkiekin. Horma-irudi hauek eskolan barna daude erakusgai eta bideo muntaiak laster egonen dira ikusgai Eskolako webgunean.