Gracias - Eskerrik asko

Amaia

Xavi

Gonzalo

Susana

Ane Lore

"Irakasleei eskerrik asko / Gracias al profesorado" da, alderdi erabat akademikoetatik aparte, irakasleek ikasleen garapenean duten garrantzia erakusten duten benetako 5 historia kontatzeko aukeratu den eslogana

2019/02/19


 


 

Javier Iglesias Álvarez Giza Baliabide Zerbitzuko Zuzendaria, Maria Solana Arana Hezkuntza kontseilaria eta Nekane Oroz Bretón Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabide Zuzendaria kanpainaren aurkezpenean ( irudia handitu )

Amaia, Susana, Xabi, Ane Lore eta Gonzalo 5 ikasle dira. Batzuk, izan ziren, beste batzuek, gaur egun klasera joaten jarraitzen dute. Hezkuntzako hainbat etapatako kideak dira, hainbat esparrutakoak, baita hainbat garaitakoak ere, baina historia eta mezu komuna dute: betirako utzi zien aztarna eskertu nahi die irakasle jakin bati.

Maria Solana Arana Hezkuntza kontseilariak aurkeztu du gaur “Irakasleei eskerrik asko / Gracias al profesorado” kanpaina. Oraingo honetan, benetako gertakarietan oinarriturik dagoen kanpaina da, alderdi erabat akademikoetatik aparte, irakasleek ikasleen garapenean duten garrantzia erakusten duten benetako 5 historia aukeratu baitira. Hezkuntza kontseilariak zehaztu duenez, “irakaskuntzak pertsonak eraikitzen ditu, eta pertsona horiek beraien esker ona erakutsi nahi dute. Horrez gain, legealdi honetan ahalegina egin dugu, esker on hori murrizketen leheneratzean eta hobekuntzetan gauzatzeko, hezkuntzan ari diren profesionalen lana errazteko, hain zuzen ere. Neurri horien artean daude baliabideak handitzea, prestakuntzan inbertitzea, lantaldea egonkortzea eta irakaskuntza zuzeneko orduak murriztea”.

Solanak kanpainaren irudi grafikoa erakutsi du. Ikasgela erabat zuri agertzen da, “oraingo honetan erdigunea pertsonak baitira”. Berarekin egon dira, hain zuzen ere, Nekane Oroz Bretón Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabide Zuzendaria eta Javier Iglesias Álvarez Giza Baliabide Zerbitzuko Zuzendaria.

Zuzendari Nagusiak zifratan hitz egin du irakasleei buruz. “Gaurko eguna garrantzitsua da guretzat, hezkuntza baliabideak osatzen dituztenengana zuzentzen garelako. Beraiek gabe ez lirateke bideragarriak izango Nafarroako hezkuntza eta hezkuntza sistema. Gaur egun 11.876 irakasle daude: 9.507 sare publikoan, eta 2.369 itunpekoan, jardunaldi osoan, eta azken horiei ere Nafarroako aurrekontu orokorretatik ordaintzen zaie”.

Murrizketa leheneratzeko eta lantaldea egonkortzeko neurriak

Ondoren, Orozek legealdi honetan egin den murrizketen leheneratzea aipatu du, ratioa 25era jaistea, hain zuzen ere, sare publikoan zein itunpekoan, eta baita irakaskuntza zuzena bi ordu laburtu izana Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Neurri horri esker beste 136 irakasle kontratatu ahal izan dira. “Neurri hori Bigarren Hezkuntzara hedatuko da datorren ikasturtean. Horretarako handitu egin da behar zen aurrekontu partida, eta igoera horri esker irakaskuntza zuzeneko murrizketa hori Bigarren Hezkuntzan ere aplikatu ahal izango da, 351 irakasle kontratatuz.” Irakasle lantaldearen egonkortasunari dagokionez, sailetik helburu hori lortzeko hartu diren bi neurri aipatu ditu Orozek. “Lehenbizikoa, eta gure iritziz garrantzitsuena, oposizioei dagokiena, legealdi honetan 4 deialdi egin baitira, interinitatea murriztu ahal izateko”. 2016ko lehen hezkuntzako irakasleen deialdia; 2018an egin zen Bigarren Hezkuntzako irakasleena; 2019ko Lehen Hezkuntzako irakasleei dagokiena; eta 2019an kontserbatoriorako egin dena aipatu ditu. Lau deialdiek 1.190 plaza hartzen dituzte guztira. Zuzendari Nagusiak aipatu duen egonkortasunerako bigarren neurria, joan den ekainean zerrenden kudeaketarako Foru Agindu Berria onetsi izana da, horri esker “betetzeko zailtzat” hartzen ziren lanpostuen kopuruak gora egitea lortu baita.

 

 
 

“Irakasleei eskerrik asko / Gracias al profesorado” kanpainaren kartel bat. 

Javier Iglesias Álvarez Giza Baliabide Zerbitzuko Zuzendariari dagokionez, 2016ko maiatzean eratu zen Hezkuntzako Segurtasun eta Osasun Batzordearen lana azpimarratu du. Lan talde horrek, irakasleek eta irakaskuntzan ari ez diren gainerako langileek ikastetxeetan jasaten dituzten kanpoko erasoen arazoa lantzen du. Batzordeak “Hezkuntza Saileko langileek (irakasleek eta irakasle ez direnek) jasaten dituzten kanpoko erasoei buruzko txostena” egin zuen. Bertan, erasoen arazoari aurre egiteko Administrazioak hartu beharreko zenbait neurri proposatzen ziren. Javier Iglesiasek azpimarratu duenez, ikasturtearen hasierari begira neurri hauek bete dira jadanik: “Zabaldu eta zehaztu egin da Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko edukia ikasturte hasierako jarraibideetan. Horrela, jarduketen protokoloaren hedapenarekin erlazionaturiko neurrien artean, protokoloa hedatu da, zuzendaritza taldeak sentsibilizatu dira eta ikasleei eta familiei informazioa eman zaie. Prebentzio ordezkariaren figura ezagutarazteari dagokionez, irakasleen eta prebentzio ordezkarien arteko koordinazioan eta prebentzio ordezkariaren figura ezagutaraztean ari gara lanean”. Izan ere, une honetan jarduketa protokoloa berregiten ari da, eta horri prebentzio ordezkariei buruzko informazio dokumentua gehituko zaio, ikastetxeetako irakasleen artean zabaltzeko xedez. Horrela, ikasturte honetan, kanpoko erasoen tratamenduan inplikaturik dauden unitate guztiak koordinatzeko aukera emango duen Departamentuaren protokoloa egiteko eta burokrazia arintzeko lanak ari dira gauzatzen, erasoa jasan duen langileari gauzak ahalik eta gehien errazteko. Halaber, abuztuaren 23ko 47/2010 Errege Dekretua aldatuko da, irakaslearen figura indartzeko eta erasotzen duten ikasleak gogorrago zigortzeko, 2019/2020 ikasturtearen hasieran sar dadin indarrean.

Giza Baliabide Zuzendariak azaldu duen bezala, “neurri horiek guztiak modu positiboan jaso dituzte Segurtasun eta Osasun Batzordean dauden sindikatu guztiek, eta gai horrekin erlazionaturiko edozein berrikuntza berehala jakinarazten zaie”.

Amaitzeko, Solana Kontseilariak oroitzapenerako aukera ere izan du. Ekitaldiaren hasieran, 36ko kolpe militarrean eta ondorengo diktaduran fusilatu zituzten 33 irakasleak eta beraien eguneroko jardunean egoera hura jasan behar izan zuten 300 irakaslek gogorarazi ditu. Gainera, esker oneko hitzak izan ditu bere haurtzaroko irakasleentzat eta dagoeneko kontseilari zela ezagutu dituenentzat. Solanak eskerrak eman dizkie, arlo akademikotik haraindi, “gure prestakuntzaz arduratzeagatik, bihotzetik hezteagatik, materialak prestatzen berandura arte geratzeagatik, PROEDUCAR-HEZIGARRI, LAGUNTZA, SKOLAE… programak jaso eta ikasgelan aplikatzeagatik, ikasleak irribarre batekin hartzeagatik, metodologietan berriztatzeagatik, chromebooketara egokitzeagatik… Gure kanpainak esaten duen bezala, ‘eskola eman zenidan eta naizena izaten lagundu ere bai; hezkuntza, ikasgaiak ikastea baino gehiago da, zaren hori izaten ikastea da.


Aintzatespen kanpainak ez du ez denbora ez diziplina arloko mugarik. Iraganeko irakasleentzat eta gaur egungo LHko irakasleentzat, Haur Hezkuntzako psikoterapeutentzat edo matematikako maisuentzat eta etorkizuneko Bigarren Hezkuntzako gimnasia irakasleentzat balio du. Horrela erakusten dute dagoeneko Hezkuntza Sailaren webgunean , Youtubeko kanalean  eta sare sozialetan ikus daitezkeen 5 historiek. Datorren astean Nafarroako komunikabideetan egongo dira.