Araudia

Administrazioko funtzionarioek edo lan-kontratudunek zernahi esparrutan aplikagarria den araudiaren gaineko informazioa eskura dute, besteak beste, eszedentziei edo erretiroei dagokiena.

Kontaktua: Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzua
Mezu elektronikoak: srjpeduca@navarra.es
Telefonoa: 848 42 69 74

Laneguna murriztea

Araudia

Aplikazio esparrua

Funtzionarioei eta lan-kontratudunei.

Lanaldi murrizketaren motak

Lanaldiaren seirena, herena edo erdia murriztuko da.

Seiren bateko lanaldi murrizketa onartu ahal izanen da gorago aipatutako 1. eta 2. ataletan azaltzen diren kasuetan, baldin eta zerbitzua betetzeko ordezko langilerik jarri beharrik ez badago.

Aukerak 

  1. Lanaldia murriztea zerbitzuaren beharren mende ez dagoen kasuak:
    • a) Legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu duenean hamabi urtetik beherako haurren bat edo legez aitortutako ezgaitasuna duen pertsonaren bat.
    • b) Funtzionarioaren ezkontideak edo bikotekide egonkorrak edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek ezgaitasunen bat badu.
    • c) Funtzionarioa adineko eri kronikoren batekin edo legez aitortutako ezgaitasuna duen adinekoren batekin bizi bada eta hura zaintzen badu (odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura bitarteko ahaideak).
    • Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko funtzionarioek, egiaz babestuak izan daitezen edota gizarte laguntza osoa izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, beharrezkoa izanez gero.
  2. Lanaldia murriztea zerbitzuaren beharren mende dagoen kasuak:
    • a) Funtzionarioak berrogeita hamabost urte edo gehiago baditu.
    • b) Funtzionarioak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak hari buruz emandako txostenaren arabera.
    • c) Funtzionarioak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu hamabi eta hamasei urte (biak barne) bitarteko haurren bat.
    • d) Funtzionarioaren interes partikularrengatik.
  3. Zerbitzuan ordezko langilerik jarri beharrik ez izatea lanaldia murriztu ahal izateko baldintza den kasuak:
    • Lanaldiari seiren bat kentzea onartu ahal izanen da gorago aipatutako 1. eta 2. puntuetan azaltzen diren kasuetan, baldin eta zerbitzua betetzeko ordezko langilerik jarri beharrik ez badago.

Iraupena eta luzapenak

  • Irakasleak:

Irakasleei lanaldiaren murrizketa emanen zaie ikasturtea amaitu arte betiere, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen denean. Eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

  • Irakasleak ez diren langileak:

Lanaldi murrizketak sei hilabete iraunen du gutxienez.

Lehen sei hilabeteetan, arrazoi hauek baino ez dira onartuko lanaldi murrizketaren amaiera aurreratzeko:

  • a) Hura onartzeko kausa epe hori bete aurretik amaitzea.
  • b) Funtzionarioak, erditze, adopzio edo harreragatik, ordaindutako lizentziari ekitea.
  • c) Funtzionarioari jardunaz besteko administrazio egoera bat deklaratzen bazaio.

Interes partikularragatiko lanaldi murrizketaren hasierako iraunaldian eta bai, halakorik bada, luzapenetan ere, amaiera aurreratua onartzeko arrazoi bakarrak aurreko b) eta c) ataletan aurrez ikusitakoak izanen dira. 

Lanaldia murrizteko epea bukatu baino lehenago interesdunak luzapena eskatzen ahalko du, baldin eta murrizketa emateko inguruabarrak aldatu ez badira.

Lanaldi murrizketaren luzapenik ez bada, murrizketa ematea zerbitzuaren beharren mende dagoenean, ez da arrazoi beragatik lanaldia murrizteko baimenik emanen harik eta aurreko murrizketa amaitu zenetik sei hilabete igaro arte, gutxienez.

Lanaldi murrizketa gauzatzeko baldintzak

Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

Txandaka ari diren langileei dagokienez, murrizketa lanaldi osoetan meta daiteke, hilabeteko kontaketarekin gehienez ere.

Lanaldi murriztuaren ordainsaria

Lanaldi murrizketak berekin dakar funtzionarioaren ordainsari guztien murrizketa proportzionala egitea, familia laguntzarena salbu.
Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion ordainsarien arabera kalkulatuko dira.

Aurkeztu beharreko agiriak

  • Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduriko eskabidea, zeinetan hasiera eguna jarriko den.
  • Eskaera arrazoitzen duen egoeraren egiaztagiri ofiziala (familia liburua; Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalaren txostena, ezintasuna sor ez dezakeen eritasunagatiko murrizketa bada; edo murrizketa eskatzeko arrazoia izan den familiakidearen egoeraren frogagiria)