angle-left Hezkuntzak ez du ikasturtea bertan behera utziko ez eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE), nahiz eta azterketa atzeratu daitekeen

2020/03/18

Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilariak, prentsaurrekoan adierazi duenez “ez da ikasturtea ez eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) bertan behera geratuko, nahiz eta azterketa atzeratu daitekeen”. Prentsaurreko berean, Javier Remírezek Gobernuak lehendabiziko bi egun baliodunetan enplegu-erregulaziorako 95 eskaera jaso direla eman du ezagutzera.

Irakasturteari dagokionez, Gimenok esan du gaur goizean, autonomia erkidegoetako arduradunekin egindako batzar sektorialean, ados agertu direla USE bertan behera ez uzteko proposamenarekin, eta, behar izanez gero, “atzeratu egin beharko dela egokitzat jotzen diren baldintzetan”.

Halaber, kontseilariak gehitu du aurrez aurreko jarduera eten eta lehen egunaren ondoren, “ikasleei beste modu batera erantzuten ari direla, eta, beraz, inork ez duela ikasturtea galduko”.

Era berean, aurreratu du, ikastetxeetan jangela-zerbitzua etetearen ondorioz, Hezkuntza Departamentuak Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskura jar dezakeela haur bakoitzeko eguneko 3,27 euroko zenbatekoa, ikasle bekadunen elikadura-beharrak artatzearren. Neurri horren baitan egon daitezke 3.153 bat ikasle.