angle-left “Garapenerako irakasleak: sareak sortuz” VIII topaketan izan dira Nafarroako irakasleak

Ana Isabel Simon eta Konsue Salinas irakasleek #PubliODS proiektuan sortutako argitalpenak aurkeztu dituzte, lehen eta bigarren hezkuntzarako.

2018/05/15

Nafarroako dozena bat irakasle Guadarraman egin den “Garapenerako irakasleak: sareak sortuz” VIII topaketan izan dira, gainontzeko erkidegoetako ordezkariekin batera. Ana Isabel Simon eta Konsue Salinas irakasleek, #PubliODS proiektuari loturik, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleekin Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) lantzeko sortu dituzten argitalpenak aurkeztu dituzte.

Nafarroako irakasleek gainontzeko adituekin batera landutako #PubliODS proiektua Garapen Jasangarriaren Helburuak ikastetxeetan ezagutzera emateko bi argitalpen osatu dituzte. “Hendere y el derecho a la Educación: las ODS en la escuela” lana Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta ipuin, jolas zein abestien bidez, hezkuntzak bizitzaren etapa ezberdinetan duen garrantzia lantzeko zein kalitatezko heziketa lantzeko tresnak eskaintzen ditu, besteak beste. Bestalde, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako, “El desafío de los ODS en secundaria: Tú formas parte del reto” lana sortu dute. Lan horrek irakasleek arlo soziolinguistikoan, zientifikoan nahiz teknologikoan  ikasleekin GJH-ak lantzeko material didaktikoa eta komikia ditu ardatz.

Nazioarteko Garapenerako Espainiako Agentziak, Hezkuntza, Kirola eta Kultura Ministerioarekin batera, antolatutako topaketa honek Garapen Jasangarriaren Helburuetan sakondu eta Nazio Batuen Erakundeak 2015ean proposatutako 2030 agenda lantzea izan ditu helburu. Hartara, topaketan zehar irakasleek hainbat tailer didaktikotan parte hartu dute garapenerako agenda berriak aztertu, eta 17 GJH-etan sakonduz haren helburuak zein indikatzaileak ezagutzeko.