angle-left Iturengo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe berria eraikitzeko lizitazioa argitaratu du Hezkuntza departamentuak

Lanen inbertsioa 2,2 milioi eurokoa da, BEZ barne

2019/07/15

Pulunpa ikastetxe berriaren planoa

Hezkuntza departamentuak gaur argitaratu ditu Nafarroako gobernuaren Kontratazio atarian Iturenen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea egiteko lanak arautzen dituen oinarriak. Eraikuntza lanek 2,2 milioi euroko, inbertsioa suposatzen dute, BEZ barne.

Iturenen eraikiko den ikastetxe berriak sei unitate eta jangela izango du; izan ere, gaur egun udaletxea dagoen eraikinean dago ikastetxea eta ez ditu betetzen irakaskuntzarako beharrezko baldintzak.

Eraikin berria energia kontsumo gutxikoa izango da eta Pulunpa izena hartuko du. Horretarako, Departamentuak 2.235.910,87 euroko inbertsioa eginen du eta lanak 2019an hasi eta 2020ko udaberrian amaituko dira. Izan ere, gehienez 9 hilabeteko epea ezarri da lanak egiteko, hala 2020-21 ikasturtean funtzionamenduan egotea bermatzen du Departamentuak. Lizitazioan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea abuztuaren 19ra arte dago zabalik.

Proiektua idazteko kontratazio-espedientea eta lanen zuzendaritza-lanak egitekoa aurretik onartu zuen Hezkuntza departamentuak, 93.000 eurogatik. Aldiz, eraikina egiteko lizitazioa hutsik geratu zen eta orain bigarrenez argitaratu da, aurrekontua handituz.

Gaur egungo eraikina 1989koa da eta 67 ikasle hartzen ditu, Haur eta Lehen Hezkuntzan, 6 gelatan. Udaletxearen eraikinean dago herriko eskola, bi solairutan eta bestelako udal-zerbitzuekin partekatzen du espazioa. Gainera, gelen distribuzioa ez da egokiena hezkuntzarako eta oztopo arkitektonikoek ere ez dute errazten ez sarrera, ez eskolaren beraren funtzionamendu ona ere.

Lizitazio iragarkia kontsulta daiteke Gobernuaren Kontratazioa Atarian