angle-left Harrera bikaina izan dute “Estrategia eta hobekuntza Nafarroako ikastetxe publikoetan” jardunaldiek

Nafarroako 125 ikastetxe publiko ari da kalitate sareren batean lanean

2017/11/16

200 lagunetik gora elkartu dira Kadinet jardunaldietan

Sare publikoko ikastetxeetako 200 profesionalek parte hartu dute Kadinet jardunaldietan; sare publikoaren hobekuntzarako estrategien inguruko jardunaldietan. Iruñeko Navarro Villoslada DBHko institutuan elkartuta, kalitate sareetan ari diren hainbat ikastetxeren esperientziak ezagutzeko aukera ere izan dute bertaratuek.

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak ireki ditu “Estrategia eta hobekuntza Nafarroako ikastetxe publikoetan” jardunaldiak, Iruñeko Navarro Villosladan. Solanak azpimarratu duenez, “zuzendaritza taldeek, inplikatutako irakasleek eta Hezkuntza departamentuak egindako elkarlanari esker, geroz eta ikastetxe gehiago gehitu dira kalitate sareetara”. “Garrantzitsua iritzi diogu Hezkuntza departamenduan, Nafarroako ikastetxe publikoek osatzen duten kalitate sareetan oinarritutako estrategia proiektuen testuinguruaz baliatzea jardunaldi hauek antolatzeko. Lan horren emaitza baita hausnarketa estrategikoa garatzeko metodologia berria ezarri izana, eta Nafarroako ikastetxe publikoen planifikazio estrategikoa garatzeko tresna digital errazago eta azkarragoak diseinatu izana”, gehitu du Solanak. Gaur egun, sare publikoko 125 ikastetxe ari dira kalitate sareren batean; Nafarroako ikastetxe publikoen %53, hain justu. 17 kalitate-sare horietatik 5 euskaraz dira eta ikastetxe parte-hartzaileak anitzak, bai tamainari, bai, hizkuntza ereduari, bai lurraldeari dagokionez.

Jardunaldietan 200 lagunetik gora parte hartu dute. Kalitate sareetan parte hartzen ari diren zuzendaritza taldeetako kideak eta ikastetxeetako kalitate arduradunak, Kadinet sarearen sortzaileak, Hezkuntza departamentuko langileak eta Nafarroako beste hainbat erakundeetako ordezkariak izan dira jardunaldietan.

Hizlari gisa aritu da José Antonio Calvo, Acorde Consulting-eko aholkulari eta hezitzailea. Lidergo eta estrategietan aditua da bera eta ikastetxeak bere estrategiak eta helburuak definitzerako orduan aintzat hartu beharko lituzketenak izan du hizpide. Calvoren ustez, benetako informazioa ezinbestekoa da, baita inplikatutako agente guztien parte hartzea eta intereseko talde guztiei beharrezko orientabideak ematea ere. Calvok azaldu du, zentroei begira Hezkuntza departamentuak landu duen metodologia, plan estrategikoaren garapena modu errazago batean egin ahal izateko, helburuak, adierazleak eta proiektuak zehaztuz. Izan ere, Hezkuntza departamentuko Kalitate Bulegotik, eta Kadinetetik, ikastetxeen emaitzak hobetzeko kudeaketa azkartzeko proposamena egin da. Horretarako tresna digitalak jarriko dira Nafarroako ikastetxeen eskura.

Jardunaldietan kudeaketa sistemak ondu dituzten Nafarroako sare publikoko hiru ikastetxek euren esperientziak azaldu dituzte: Cintruenigoko La Paz DBHko ikastetxeak, Iruñeko Navarro Villoslada institutuak eta Atarrabiko Atargi Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.