Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, landa-eremuetan kokatuta daudenak, gradu anitzeko unitateak dituztenak, hau da, 9 unitate baino gutxiago dituztenak, eta irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiago ematen duenean.

Kontaktua: 0-3 eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-0a3@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Landa Eremuko Emakumeen Eguna Otsagabiako eskolan

2021/11/05


Pasa den urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Eguna ospatu genuen Otsagabiko eskolan. Aurreko egunetan lanketa egin genuen ikasleekin. Bigarren Hezkuntzako ikasleek hainbat dokumental ikusi zituzten landa eremuan bizi diren eta lehen sektorean lan egiten duten emakumeak nola bizi diren eta nola lan egiten duten azaltzen zutenak. Dokumental horiek ikusi ondoren hausnarketa egiteko aukera izan genuen: zergatik daude emakume gutxi lehen sektorean? Gure arbasoek gehiago zekiten guk baino lurrari eta animaliei buruz? Emakumeei kasu egiten zaie beraiek direnean enpresa bateko arduradunak? Abeltzain eta nekazari lanak ondo ordainduta daude?

Ostiralean, hilak 15, hiru emakumeren bisita izan genuen. Arantxa Zabalza Garate Orbaizetako Olan bizi da eta artzai gisa egiten du lan. Olatz Genbero Etxeberria Otsagabian bizi da eta orain Lanbide Heziketako irakaslea da baina ardiekin eta artzaiekin egin izan du lan urte askoz. Carmen Lorente Gracia Ezkarozen bizi da eta bertako albaitaria da. Lehendabizi emakume hauek Lehen Hezkuntzako ikasleekin aritu ziren prestatuta zituzten galdera batzuei erantzuten. Eguneroko zereginak, bakoitzaren lanaren zehaztapenak, emakume bezala ogibide horietan izandako bizipenak, oztopoak eta aurrera begirako nahi eta erronkak izan zituzten mintzagai, ikasleek gidatutako elkarrizketak izanik.

Ondoren hirurak elkartu eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egon ziren beste galdera batzuei erantzuten. Hainbat gaietaz hitz egin zuten, hala nola: zein desberdintasun dauden herri eta hiriaren artean, ea zaila egin zaien euren lanean aurrera egitea emakume izateagatik, ea familiak eta inguruak onartzen duen egiten duten lana, ea nola iritsi ziren gaur egun egiten duten lana egitera… 

Oso aberasgarria izan zen haien esperientziaren berri izatea eta ondorio gisa adierazi zuten emakumeak zein gizonak gai zirela beraiek egiten zituzten lanak egiteko, eta ikasleak animatu egin zituzten lehen sektorean lan egitera.