angle-left Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hitzarmena sinatu du Tinko Euskara Elkartearekin euskarazko zinema ikasleen artean zabaltzeko

Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako A, B eta D ereduetako 5.000 ikasleri zuzendutako ekimena da

2018/03/09

Roberto Perez eta Marian Galarraga Tinko Euskara Elkarteko lehendakaria

Roberto Perez Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak eta Marian Galarraga Tinko Euskara Elkarteko lehendakariak hitzarmena sinatu dute euskarazko zinema zabaltzeko Nafarroako ikastetxeetan. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako A, B eta D ereduetako 5.000 ikaslek baino gehiagok, horrela, euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako filmak ezagutuko dituzte, ondoren gelan  pedagogikoki lantzeko. Hitzarmenaren zenbatekoa 30.000 €koa da 2018. urterako.

Ikus-entzunezko sorkuntzak gero eta garrantzi handiagoa du gaur egungo gizartean, eta frogatuta dago kontsumoak haurtzaroan eta gaztaroan daukan eragina. Kultur kontsumoa irudizkoa eta soinuzkoa da gero eta gehiago eta horregatik garrantzitsua da kontsumo praktika egokiak bultzatzea, gazteak giza balioekiko sentiberak izan daitezen, eta ikus-entzunezko ekoizpenaren ekarpenaz jabe daitezen.

Hezkuntza Departamentuarentzat oso garrantzitsua da euskaraz ikasten duten edo ikasten ari diren ikasleek hizkuntza horretan sortzen eta ekoizten dena ezagutzea. Euskarazko zinemaren aldeko zaletasuna eta zuzenean ikasgelarekin lotuta ez dagoen kultur ekoizpen baten kontsumoa bultzatu nahi da horrela.

Tinko Euskara Elkartea 1995etik ari da zinema eskaintza zabala egiten ikastetxeetan, Euskara Zinema Aretoetara egitasmoaren bidez. Elkarteak arrakasta handiko filmak aukeratzen ditu 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat; banaketa eskubideak erosten ditu; euskarara itzultzen ditu lanak eta zinema aretoetara eramaten ditu, propio egindako hitzarmenen bidez. Filmak aukeratzeko unean, gizatasunarekin lotutako irizpideek agintzen dute: elkartasuna, familia, animaliekiko eta ingurugiroarekiko errespetua, eta eskola jazarpenarekiko arbuioa. Emanaldiaz gain, Tinko Euskara Elkarteak fitxa pedagogikoak sortzen ditu, filmetan agertzen diren gaiak, ondoren, ikasgelan landu daitezen.

Ostiral honetan bertan, Golem Zinematokietan, 10:15etan, Sanduzelai Ikastetxeko LHko 4., 5. Eta 6. Ikasturteko ikasleek Tarzan filma ikusi ahal izango dute.