angle-left 400 lagunetik gora Skolae Hezkidetza jardunaldietan

Skolae Berdin Bidean programa eskuragarri dago Hezkuntza departamentuaren webgunean

2017/09/14

Aurreikusitakoa baino jende gehiagok parte hartu du Jardunaldietan

Hezkuntza departamentuak arrakastatsutzat jo ditu Skolae berdin bidean hezkidetzaren inguruko jardunaldiak eta aurreikuspenen gainetik, jarritako helburuak ongi bete direla iritzi dio. Jardunaldien asmoa izan da Hezkidetza Planaren edukiak aurkeztea eta planaren garapenean Nafarroako gobernuak duen konpromisoa adieraztea. Hori dela eta, jardunaldien lehenengo egunean lau kontseilarik parte hartu zuten irekiera ekitaldian eta argi eta garbi adierazi zuten emakumeen eta gizonen arteko berdintasun efektiboa lortzeak izan behar duela departamentuen kudeaketaren lehentasunezko helburu.

Nafarroako gobernuak hezkidetzaren aldeko apustu irmoa erakutsi nahi izan du, Hezkuntza departamentuaren kudeaketan lehentasunezko lan-lerro estrategikoa baita. Progresiboki baliabide ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzen ari da plana, Nafarroako hezkuntza sistema osoan modurik onenean ezartzeko.

Planaren garapenean, Nafarroako gobernuaren konpromiso sendoaz gainera, ezinbestekoa da ikastetxeetako pertsonalaren, familien, ikasleen eta ingurunearen inplikazioa. Ildo horretan, Jardunaldietan 400 lagunetik gora parte hartu izanak agerian uzten du hezkuntza komunitatean egon badagoela interesa ikasleak berdintasunean hezteko, ikasle guztiek, euren maila soziala, kultura edo erlijioa dena delakoa izanda ere, genero baldintzarik gabeko bizi-proiektu bat eraikitzeko gaitasuna izan dezaten, desberdintasunak identifikatuz eta, jakina, haiei aurre egiten jakin dezaten.

Gaur arratsaldean, Jardunaldien bigarren egunean, hezkidetza-ikastetxe batek beharko lituzkeen izaera ezaugarrien inguruko mahai-ingurua egin da, Skolae hezkuntza-ibilbidea baita eta gelan aplikatzeko ikasketak, gaitasunak eta orientabide didaktikoak biltzen ditu, unibertsitatez kanpoko gainerako hezkuntza sistemaren maila guztietan garatzeko. Hala bada, arratsaldeko saioan aldi berean egin diren lau tailerrak ere arrakastatsuak izan dira. Lehenengoan, “Rambo semeak, Barbie alabak”, maskulinitatea, feminitatea eta identitate anitzak landu dira; “Maitasun erromantikoak XXI. mendean?” tailerrean, maitasun hartu-emanak, sare sozialak eta indarkeriaren prebentzioa landu dira; “Boterea nola ikasten da?” tailerrean, berriz, botere pertsonala eta lidergoa berdintasunean izan dituzte hizpide; “Sexuarekin zer?” tailerrean, aldiz, hartu-eman afektibo eta sexualak landu dituzte.

Jardunaldiek aurreikusitako parte-hartzaile kopurua ondo bete dute, 400 lagun baino gehiago elkartu baitira Baluarten, ez bakarrik zenbakiari dagokionez; parte-hartzaileen perfilak ere oso anitzak izan dira: irakasleez gain, familiak, administrazioko langileak, parlamentariak eta herri erakundeetako kideak ere izan dira bi egunetan zehar.

Skolae programa ezagutu nahi duenak, eskuragai dauka Hezkuntza departamentuaren webgunean.