angle-left Fernando Remacha kontserbatorioaren finantzazioa bermatzeko hitzarmena sinatu da gaur

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta Tuterako alkate Eneko Larrartek hitzarmenaren sinadurarekin itxitzat eman dute zentroaren beharrizanak zehazten lagundu duen prozesua.

2017/09/25

Solana kontseilaria eta Larrate alkatea

Nafarroako Gobernuak eta Tuterako Udalak gaur sinatu dute Fernando Remacha Musika Kontserbatorioaren funtzionamendu-gastua %100ean finantzatzeko akordioa. Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta Tuterako alkate Eneko Larrartek Tuterako udaletxean gauzatu dute akordioaren sinatzea, luze jo duen negoziazioa prozesuari amaiera emanez. Akordioak kontserbatorioko langileek urteetan egindako eskariari erantzuten dio Nafarroako gobernuak, zentroko langileen egonkortasuna bermatuz.

Solana kontseilariak azpimarratu duenez, “elkarlanari eta negoziazioari esker aurrerantzean kontserbatorioak hazten jarraitzeko aukera izango du, horretarako oztopo nagusia, ekonomikoa, gainditu baita lortutako akordioarekin. Aurrerantzean, beraz, kontserbatorioko langileen lehentasuna ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea izango da”, gehitu du kontseilariak.

Hitzarmenaren garrantzia agerian utzi nahi izan du Solanak, “finantzaziotik harago, kontserbatorioaren funtzionamendua eta benetako gastua zenbatekoa den ezagutu ahal izan baitugu”.

Hezkuntza zuzendari Roberto Perezek adierazi duenez, akordioak gainera, “Nafarroako kontserbatorio profesional bien arteko harremana ahalbidetzen du: Tuterakoa eta Iruñekoa”.

Tuterako alkate Eneko Larrarte pozik agertu da hitzarmenarekin “erakunde bien arteko kooperazioari esker lortu baita”, eta udal gobernu taldean buru belarri aritu den hezkuntza zinegotzi Silvia Cepasek egindako lana eskertu nahi izan du, baita “hezkuntza komunitateak egindakoa ere, 2011tik zetorren eskari bati erantzutea lortu delako”. Guztiei esker lortu da kontserbatorioaren finantzazioa bermatzeko akordioa eta “Tuterako kulturaren oinarrietako bat den zentroari dagokion garrantzia eman”.

Gaur sinatu den akordioan jasotzen denez, “hitzarmenaren helburua da kudeaketa gauzatzeko baldintzak ezartzea, batetik, kontserbatorioaren funtzionamendu ona segurtatzeko eta, bestetik, finantzazio zuzena bermatzea, Hezkuntza departamentuak ezarritako oinarrien arabera”.

Kontserbatorioak espezialitate guztiak ezartzeko konpromisoa bete dezan bermatu beharko du Tuterako Udalak eta Hezkuntza departamentuak, eskaririk egoten ez den kasuetan, Pablo Sarasate kontserbatorioko baliabideak erabiltzeko aukera izatea ahalbidetuko du, bi aldeen arteko adostasunarekin.

Hezkuntza departamentuak egiten dituen ekarpenak ondorengoak izanen dira: Oinarri arautzaileetan ikasle bakoitzeko ezarritako kostuari oinarrietan finkatzen den portzentaia aplikatutakoan lortzen den emaitza, gehienez ere 55 ikaslerentzat, Hezkuntza departamentuaren ekarpena izanen da, gehienez, 370.330,84 euro. Kopuru hori banatuko da: 30.854,97 euro gastu orokorretarako; langile gastuetarako, 339.475,87 euro.