angle-left Hezkuntza kontseilari Maria Solana Keycolab proiektuko ordezkariekin elkartu da Hezkuntza departamentuan

Lokaletik abiatuta, eskolan ikuspegi global batetik lan egitea lehentasunezkoa dela adierazi du Solanak

2017/09/26

Kontseilaria Keycolab patronatuko kideekin

Nafarroako Ikastolen Elkarteko kideekin batera, Errumania, Belgika, Ingalaterra eta Finlandiako Lehen Hezkuntzako hainbat irakasle eta hezkuntza-agente izan dira gaur Hezkuntza departamentuan Maria Solana kontseilariarekin.

Gaurkoa Keycolab proiektu-kideen bosgarren bilera izan da, aurretik Antwerpen (Belgika), Turku (Finlandia), Oxford (Erresuma Batua) eta Timisoara (Errumania) herrietan elkartu baitira. Iruñean izanik, eta biharko nazioarteko biltzarraren aurretik (Civican, 09:00etan), Hezkuntza kontseilariarekin elkartu dira euren herrietako esperientziak elkarbanatzeko eta elkarlan-proiektuaren garrantzia azpimarratzeko.

Solana kontseilariak Keycolab moduko proiektuek XXI. mendeko eskola-ereduan duten garrantzia helarazi die eta “eskolan ikuspegi global batetik lan egitea lehentasunezkoa baita, beti ere lokaletik abiatuta”. Solanaren iritziz, “Nafarroa nahikoa aberatsa da, baita hizkuntzei dagokienez ere”, Europako Hizkuntzen Eguna gogoratuz, eta “era honetako proiektuak ere behar ditu aurrera egiteko”.

Hala, kontseilariak adierazi die, “departamentutik arretaz jarraitzen direla Keycolab moduko esperientziak eta elkarlan-proiektuak, aberasgarriak direlako beti, are gehiago ikuspegi eta oinarri aldaketa bizitzen ari garenean eskola barruan nahiz kanpoan; paradigma aldaketa da gertatzen ari dena”, esan du.

Keycolab partzuergoko bazkide diren erakundeetako ordezkariek, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (Keycolab proiektu-burua), Turku Unibertsitateak (Finlandia), Lehen Hezkuntzako Elkarte Nazionala (Oxford, Erresuma Batua), 18 eskola batzen dituen Amberesko Antigon eskola taldea (Belgika) eta irakasleen Banat elkarte erregionalak (Errumania) esker onez hartu dituzte kontseilariaren hitzak, talde argazkia atera aurretik.