angle-left Hezkuntzak lan hitzarmen proposamena luzatuko dio Mahai Sektorialari gastuaren muga zehaztu ondoren

Helburua da ahalik eta akordiorik zabalena lortzea, aurreko urteetan egindako murrizketetan atzera egiteko

2017/09/18

Hezkuntza departamentuak, Eilas eta ELA sindikatuei erantzunez, gogoratu du ekainera bitartean egon dela sindikatuek Mahai Sektorialean egindako proposamenak berrikusten. Ordura arte, dozena erdi bilera baino gehiago egin dira, eta ondotik Departamentuak adierazi zuen proposamena luzatuko ziela sindikatuei, behin bere gastuaren muga ezagututa. Gaur gaurkoz gastuaren muga orokorra baino ez da ezagutzen.

Hala ere, Departamentua harrezkero jasotako proposamenekin lanean aritu da eta aurrekontua ezagututa zehaztuko dira. Departamentuaren borondatea da ahalik eta akordiorik zabalena lortzea eta egindako eskari eta proposamenei erantzunez, hezkuntza publikoaren kalitatean sakondu ahal izateko. Ildo horretan, aurrekontuak ahalbidetzen duen heinean, helburua da aurreko urteetan egindako murrizketetan atzera egitea. Progresiboki eta egutegian zehaztuta lehengoratu nahi dira eskola-orduak, irakasle-ikasle ratioa, ordezkapen irizpideak, aniztasuna eta hezkuntza beharrizan bereziak artatzeko baliabideak, formazioa edo aldi baterako irakasleen baldintzak, besteak beste.

Halaber, Hezkuntza departamentua hasita dago sindikatuek egindako aldarrikapenetako batzuk erantzuten, hala nola, ratioaren jaitsiera Haur eta Lehen Hezkuntzan eta zaintzaileen ordu kopuruaren igoera. Beste neurri batzuk ere jasota datoz Departamentuak aurkeztu dituen planetan: Aniztasuna artatzeko plan estrategikoa, Lanbide Heziketaren plan estrategikoa edo Hezkidetza plana.

Mahai sektoriala laster deitzea espero du Hezkuntzak, beti ere departamentuen gastuaren mugak ezarri ostean, horrek zehaztuko baitu hobekuntzak jasoko dituen egutegia.