angle-left Lizarran bi gela irekiko ditu Iruñeko Hizkuntza Eskolak

Oraingoz euskara eta ingeles eskolak emango dira; 125 plaza guztira

2017/09/11

Maria Solana eta Maite Casero, hurrenez hurren

Lizarran irekiko diren bi gelez gainera, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren 40. urteurrenaz aritu dira Maria Solana Kontseilaria eta Maite Casero Iruñeko eskola-zuzendaria.

Hezkuntza departamentuak Lizarran hizkuntza eskolak abiatuko ditu ikasturte honetan. Bi gelak Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren baita egongo dira eta Maria Solana Hezkuntza kontseilariak prentsaurrekoan adierazi duenez, “denbora luzez egindako eskaria erantzutera dator eskaintza berria, eta gainera Programa Akordioan jasota datorren  hizkuntza ikasketa ofizialak zabaltzeko konpromisoa”.

Horrez gainera, baina, Solanaren aburuz, “ekimena hezkuntza irisgarriaren eta kalitatezkoaren aldeko ikuspegiari erantzuten dio, hezkuntzan inbertitzeak onurak dakartzalako beti”.

Lizarrako unitatea hango institutuan egongo da; bi gela egokitu dira hizkuntza eskolak hartzeko eta bi irakasle izendatu dira han lan egiteko. Oraingoz euskara eta ingeles eskolak emango dira: euskarazko 2. maila aurreratu eta C1 mailekin, eta ingeleseko oinarrizko maila, ertaina eta C1. Euskara eskoletan 50 plaza eta ingeles eskoletan, 75; eskolak arratsaldez izango dira

Hizkuntza eskolek euskaraz gain, 4 atzerriko hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen dute: alemana, frantsesa, ingelesa eta italiera. Eskaintza horri, gainera, ofizialtasunetik kanpo eskaintzen diren bestelako hizkuntzak gehitu behar zaizkio, hala nola, Iruñean japoniera eta txinera, batetik, eta espainiera atzerriko hizkuntza gisa, eta italiera eta japoniera, Tuteran, bestetik. Horrez gain, EOIDNAn ikasiko duten ikasleak daude. Iaz, esaterako, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean Bigarren hezkuntzako programan aritu dira 5379 ikasle eta beste 1669 lagun, That’s English!-en programan.

 

 

Bestalde, Solanak gogoratu duenez, Iruñeko hizkuntza eskolak 40 urte beteko ditu aurten eta “urteetan zehar bertan ikasteko hautua egin dutenak eta eskolan lanean aritu eta ari direnak” zoriondu ditu.

Izan ere, urte hauetan guztietan 272.575 lagunek ikasi du hizkuntzaren bat Iruñeko eskolan: 40.609 euskara, 17.933 frantsesa, 45921 ingelesa eta 4292 italiera. Eta, hain justu, italiera izango da irailaren 26an ospatuko den Europako Hizkuntzen Egunean omenduko den hizkuntza. Iruñeko Hizkuntza Eskolako zuzendari Maite Caserok azaldu duenez, INAP institutuarekin batera antolatu dituzte “Fatti conquistare dall’italia!” leloarekin hainbat ekitaldi, tartean, Italiako hain ezagunak ez diren gastronomia produktuak ezagutu eta dastatzeko hitzaldi-dastaketa.

Amaitzeko, Caserok gogoratu du oraindik zabalik dagoela hizkuntza eskolan izen-ematea. “Ikasi zure kasa" izeneko kanpaina abiarazi dute eta irailaren 17ra bitartean izena emateko epea zabalik egongo da oinarrizko eta maila ertainetan; irailaren 24ra bitartean goi mailako eskoletan eta C1 mailan.

Informazio guztia eskolako webgunean dago eta hutsik geratzen diren plazen kasuan, irailaren 13an eta 14an argitaratuko dira.