Basabürüa - Zaraitzu eskolen arteko topaketa - Basabürüa - Zaraitzu eskolen arteko topaketa - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2026/05/22
Xabier Maiza Eseverrik idatzia
Joan den astean, Alozeko haur eta lehen hezkuntzako ikasleak etorri ziren Otsagabiara gurekin bi egun pasatzera. Aspalditik prestatzen ari ginen topaketa berezi hau, izan ere ikasturte hasieran hasi ginen eskutitz trukaketan, elkar ezagutzeko asmoz. Ekimenaren helburua euskarari balioa ematea eta lurraldetasuna sendotzea izan da, herrialde berekoak baikara. Gainera, xiberutarren eta zaraitzuarren artean urteetan izan den harremana berreskuratzeko gogoz jarri genuen martxan egitasmo hau.
Astearte goiz batez heldu ziren Basabürüako lagunak. Lehen momentutik giro ezin hobea sortu zen, eta denok oso gustura egon ginen. Elkarri aurpegiak jartzeko eta izenak ikasteko, ezagutza jolas batzuk egin genituen lehenik. Barre eta algara artean, pixkanaka lotsak alde batera utzi eta giro ederra sortu zen.
Ondoren, herrik barna kalejira alaia egin genuen kantuan (Bortü txoria, Santibatek andere, Haizeak ekarten dizü, Korrika Basabürütik abiatzen, Xiberutikan mendebaldera), eta plazan bukatu genuen Axuri beltza eta Jondane johanne dantzatuz. Oso une polita izan zen, herria musikaz eta euskaraz betez.
Bazkaldu ondoren, arratsalde osoa elkarrekin jolasten eman zuten ikasleek. Adiskidetasun berriak sortzeko aukera paregabea izan zen, eta haurrek primeran pasatu zuten.
Hurrengo egunean, Otsagabiko Natur Interpretazio Zentroko lagunen eskutik ginkana polit bat egin genuen herritik barna. Jarduera dibertigarri eta interesgarria izan zen, eta konturatu orduko bazkal ordua heldu zen.
Bazkaldu ostean, Basabürüarrek etxerako bideari ekin zioten. Agurrak iritsi zirenean, argi geratu zen bi egun hauetan lotura berezia sortu zela denen artean.
Hasieratik bukaerara giro oso polita izan zen, eta esperientzia aberasgarria bezain hunkigarria izan da guztiontzat. Euskarak eta elkarlaneko ekimenek gure herrien arteko harremanak sendotzeko duten indarra berriz ere agerian gelditu zen.

