Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Besta Ttikiak ospatu ditu Igantziko landa eskolak

2024/10/04

Igantziko eskolan hilabete berezia da iraila, batetik ikasturtea hasten baita, eta ez hori bakarrik, herriko bestak ospatzen diren hilabetea ere baita (San Migelak, irailaren 29an).

Bi ekintza hauek lotuz, eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleek eskolako "Besta ttikiak" antolatu dituzte lankidetza proiektu batean eta irakasleen laguntzaz, honek suposatzen duen lan guztiarekin. Herriko bestetan egiten diren ekintzak bertatik ezagutu dituzte azal lehiaketa, bertako buruhaundi eta erraldoien ezaugarriak, publizitatea, txapelketak, erosketak, material bilketa, herriko erakunde eta elkarteekin hartu emana...Bi eguneko egitaraua prestatu dutelarik.

Guraso Elkarteak bota zuen altxaferoa joan den ortzegunean, irailak 26, bestei hasiera emanez, eskolan paper hagitz garrantzitsua betetzen baitu. Ondotik, gainerako ekintzak hasi ziren: triki-pandero karrika-buelta eskolan egindako buruhaundiekin, pintxo hotzen lehiaketa, bandera dantza eta eskolako dantza, toka txapelketa, pilota partiduak, goitibera jaitsiera, herri kirolak... Bestari bukaera emateko, bazkari eder batekin ospatu zuten ortziralean.

Bi egunez eskola herriari irekia egon da eta, nahiz eta eskolak besta hauek antolatu, herriko jende guztiak izan du bertan parte hartzeko aukera.

"Zorionekoak gu guraso, aitatxi-amatxi eta gainerako herritarrekin horrelako ekintzak burutzeko aukera dugulako", adierazi zigun zonaldeko landa eskolen koordinatzailea den Lourdes Larzabalek.