angle-left Hezkuntzak Lanbide Heziketako ikastetxeen Hezkuntza Proiektuen lehiaketako sariak eman ditu

Nafarroako 14 ikastetxek saria jaso dute metodologia aktiboen garapenean egindako lanarengatik

2019/05/24

Maria Solana Arana Hezkuntza kontseilariak banatu ditu gaur goizean Baluarten egindako Metodologia Aktiboen Jardunaldian Lanbide Heziketako Hezkuntza Proiektuen sariak. 14 ikastetxek errekonozimendua jaso dute egindako lanarengatik.

Proiektuetan Oinarritutako Ikasketa Kolaboratiboa (POIK) bultzatzea xede duen lehiaketa honetan 23 ikastetxek parte hartu dute aurten, 42 proiektu finalista hautatu direlarik. Horietan, 140 irakaslek eta 180 ikaslek parte hartu dute, beste erakunde batzuetako 30 pertsonarekin batera.

Solana kontseilariak pertsona guztien parte-hartzea eskertu du, “izan ere, zuen inplikazioari esker, gero eta gehiago dira apustu metodologiko honekin bat egiten duten LHko taldeak”. Halaber, proiektuetan landutako gaiak nabarmendu ditu: “zuen proiektuetan, besteak beste, honako esparru hauek landu dituzue: berdintasuna, bizikidetza, desberdinarekiko errespetua, parte-hartzea eta lankidetza, baita negozio-ideiak eta diseinua ere, eta horien guztien bitartez, talentu profesional bikaina duzuela frogatu duzue”. Ildo horretan adierazi du, “balio horiek guztiak ikusita, nafar hezkuntza sistema ongi egiten ari dela pentsatzen ahal dugu, pertsona arduratsuak prestatuz, zuei guztioi esker hobetuz joango den etorkizuna jorratzeko gauza izan daitezen”.

Saritutako ikastetxeak

Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Pérez Elorzak egungo jardunaldiaren irekieran nabarmendu duenez, “sari hauek oso-osorik islatzen dute Proiektuetan Oinarritutako Ikasketa Kolaboratiboak Nafarroako LHko ikastetxe publiko zein hitzartuetan lortu duen bultzada”. Pérez Elorzak 4 Kimua sareren sorrera azpimaratu du, eta aurten 3 prestakuntza-mailez baliatu diren 170 irakasleak kontuan harturik, azken urteotan 600 irakaslek metodologia aktiboei buruzko prestakuntza hartu dutela adierazi du, “hots, LHko ikastetxeetako irakasleen % 40k”. Metodologia aktiboen ezarpenak izandako arrakasta oraingo edizioan aurkeztutako proiektu kopuru handiak frogatu du.

Horien guztien artean, hauexek dira gaur saritu diren ikastetxeak:

  • Hezitzaile Eskola II, Haur Hezkuntza zikloko Goi Graduko ikasleen garatutako ‘Cuentos de ayer para familias de hoy’ proiektuagatik.
  • Corellako Arte Eskola eta Diseinu Goi Eskola, Produktu Grafiko Interaktiborako Laguntzaile zikloko Gradu Ertaineko ikasleek landutako ‘¿Dónde está EASDI?’ proiektuagatik.
  • Santa Catalina de Labouré Ikastetxea, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak eta Datuen Tratamendu, Ofimatika eta Artxiboko Eragiketetako Administrazio eta Laguntza Zerbitzuetako Lanbide Heziketa Bereziko zikloak landutako ‘PA´ESO...FP’ proiektuagatik.
  • Tutera ETI IIP, Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako Laguntzaile zikloko Lanbide Heziketa Bereziko ikasleek aurkeztutako ‘Beauty para todos’ proiektuagatik.
  • Elizondo Lanbide Eskola IIP, Turismo Ostatuen Kudeaketa zikloko Goi Graduko ikasleek eta Ostatuetako eta Garbitegiko Laguntzaile zikloko Lanbide Heziketa Bereziko ikasleek landutako ‘Ekitaldidun egonaldia: Harrikulunka hotela’ proiektuagatik.
  • Cuatrovientos II Pribatua, Salmenten eta Merkataritza Esparruen Kudeaketa zikloko Goi Graduko ikasleek garatutako ‘Metachodemacho’ proiektuagatik.
  • EGA BHI, Elikadura Industriako Prozesuak eta Kalitatea zikloko Goi Graduko ikasleek landutako ‘Alimentos fermentados’ proiektuagatik.
  • Donibane II, Diseinu eta Altzarigintzako Goi Graduko ikasleek aurkeztutako ‘BRETTSTAPEL’ proiektuagatik.
  • Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala (ESTNA) II, Osasun Larrialdietako zikloko Gradu Ertaineko ikasleek landutako ‘Dispositivo de riesgo previsible en San Fermín’ proiektuagatik.
  • Uharte BHI, Mantentze-Lan Elektromekanikoko Gradu Ertaineko ikasleen ‘Juntos podemos echar una mano’ proiektuagatik.
  • Iruñeko Arte Eskola eta Diseinu Goi Eskola, Ikusentzunezko Grafikoko Goi Graduan gauzatutako ‘Bullying’ proiektuagatik.

Horiek guztiek “elevator pitch” delako metodoaz baliatu dira proiektuak aurkezteko (ideia baten aurkezpen labur-laburra, mezua izugarri bilduz, minutu gutxitan jendearen arreta erakartzeko).

Bestalde, gaurko jardunaldian parte hartu duten ikasleek beste 3 sari hautatu dituzte, azalpenak adi-adi entzun eta ikastetxeek Baluarteko aretoetan jarri dituzten standak bisitatzeaz gain. Ildo horretan, MENTI aplikazioaren laguntzaz, iritzia azaltzeko aukera izan dute eta azken minutuan, smartphone bidezko bozketaren bitartez, hiru proiektu sarituak hautatu dituzte:

  • Karlos III.a Institutuaren ‘LUDOCEAR’ proiektua izan da antolaketa eta eszenaratze onena izan duena
  • Uharte BHIren ‘Juntos podemos echar una mano’ proiektuak lortu du publikoaren baloraziorik onena.
  • Lizarra IIPren ‘Master Chef edición La Vuelta al mundo’ proiektuak lortu du boto kopururik handiena “elevator pitch” sistemaren bidez egindako aurkezpenari esker