angle-left Nafarroako Gobernuak diabetesa duten ikasleak artatzeko protokoloa jarri du martxan Nafarroako ikastetxe guztietan

Osasun eta Hezkuntza Departamentuek eta ANADI elkarteak irakasleek antzemandako beharrei erantzuteko prozedurak ezartzen dituen dokumentu bat landu dute

2019/04/02

 

 

Nafarroako Gobernuaren Osasun eta Hezkuntza Departamentuek Nafarroako Diabetes Elkartearekin (ANADI) lankidetzan diabetesa duten ikasleak ikastetxean artatzeko protokoloa jarri dute martxan, era koordinatuan, Nafarroako ikastetxe publiko zein pribatuetan.  2017-2023 Familiari, Haurtzaroari eta Nerabezaroari Arreta emateko II. Planak aurreikusitako neurri bat da honakoa, eta haren lerro estrategikoen artean aipagarria da ikastetxeko arreta soziosanitarioa. 2018-19 ikasturte honetan, prozesu kronikoak dituzten ikasleen arretaren barruan diabetesari eman zaio lehentasuna.

Nafarroako ikastetxeetan ezarriko den lehenengo protokoloa da, eskola-umeen zainketei buruzko aholkularitzarako eta esku-hartzeko departamentu arteko programa baten markoan. Horrekin batera esku-hartze orokorreko protokoloak zehaztuko dira. Lehenengo kasuan xede nagusia esku hartzeko prozedurak ezartzea da, irakasleek antzemandako beharrei erantzuteko eta diabetesa duen ikasleari une bakoitzean ahalik eta arretarik onena bermatzeko.

Nafarroako Ospitale Guneko Haurren Diabetesaren Unitateak eta Lehen Mailako Arretarako Gerenteak Hezkuntza Departamentuaren eta ANADIren laguntzarekin landutako agiria da.

Jarduteko protokoloa

Lehenbiziko “Diabetesa duten ikasleak ikastetxean artatzeko protokoloaren” elaboraziorako Nafarroako Ospitale Guneko Haurren Diabetesaren Unitateak gaixo adingabeen senideei ematen dien agiria (ikastetxeetan aurkez dezaten) hartu da eredutzat. 

Protokolo bakoitzak bost agiri biltzen ditu, Osasun Departamentuak interesa duten familiei banatu eta haiek ikastetxeko zuzendariari aurkezteko: “Ikastetxeko zuzendariarentzat informazioa”, “Antzemandako egoerari edo gaixotasunari buruzko informazio orokorra”, “Medikazioa erabiltzeko jarraibideak”, “Medikazioa emateko baimena”, eta “Arreta integraleko plan pertsonalizatua”.

Modu horretan, garrantzitsua da irakaskuntzako eta osasungintzako langileak etengabe harremanetan egotea, diabetesarekin diagnostikatua izan den adingabearen eskola-bizitza normalizatu eta ematen zaion arretaren kalitatea hobetzeko. Osasun Departamentua ikastetxeei laguntzeko prest dago eta zalantzak argitzeko beharrezko deritzoten prestakuntza ematen die.

Halaber, irakasleei informazioa emateko eta eskola-egun batean eman daitezkeen gertaerak ezagutarazteko gida errazten da. Testuak 1 motako diabetesa zer den, nola tratatzen den edo zerk eragin dezakeen azaltzen du.

Beste agiri batean medikazioa erabiltzeko jarraibideak eta hartu behar izanez gero eman beharreko urratsak jasotzen dira.

Azkenik, protokoloak “Arreta integraleko plan pertsonalizatua” jasotzen du, ikastetxeek diabetesa duten ikasleei arreta pertsonalizatua emateko hartu beharreko neurriak xehatzen dituena.

Hedapena eta jarraitu beharreko prozedura

Diabetesaren Unitateko profesionalek senideei protokoloaren agiriak banatuko dizkiete, nahi izanez gero Ikasketa Buruari aurkezteko. Uhe horretan, ikastetxeko buruak haurraren Arreta Plan pertsonalizatua berrikusiko du, eta bi arduradun izendatuko ditu.

Bestalde, ikastetxeak ikaslearen kargura dauden langileei egoeraren berri emango die eta toki horretako Oinarrizko Osasun Zonako Zentroari prestakuntza eskatuko dio, langileek behar dutela iritziz gero. Oinarrizko Osasun Zonako Zentroak prestakuntza antolatuko du eta adostutako jarraipenerako jarraibideak ezarriko ditu.

Azaroan ekin zitzaion protokoloaren hedapenari, Lehen Arretako Ekipoen eta Asistentziako Batzorde Teknikoaren zuzendaritzei bidalitako jakinarazpenekin. Martxoko lehen hamabostaldian ikastetxe guztiei informazioa eman zaie eta pasadan astean haurrei arreta ematen dieten Lehen Mailako Arretako Ekipoetako profesionalekin bilera egin da.

Protokoloa Hezkuntza Departamentuko web-orrian eskuragai dago jada.