Aniztasunari erantzutea

Oinarrizko irakaskuntza arautu beharko lukeen printzipio bat da, ikasle orori bere ezaugarrien eta beharrizanen arabera egokia den hezkuntza eskaini ahal izateko. Hezkuntza sistemak neurri malguak ahalbidetu behar ditu ikasle bakoitzaren bakarkako desberdintasunetara eta heldutasun-erritmoetara egokitzeko.

Kontaktua: Inklusio Atala
Mezu elektronikoak: inclusion.educacion@navarra.es
Telefonoa: 848 42 62 29

Osasun zainketarako protokoloa Nafarroako ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentua, Osasun Departamentua eta Eskubide Sozialetako Departamentua.

Nafarroako Gobernuak Gobernu Bilkuran onetsi zuen 2018ko otsailean Nafarroako Foru Komunitatean familia, haurtzaroa eta nerabezaroa laguntzeko II. Plan Integrala, 2017-2023koa. Hori da erreferentziako eta lankidetzako esparrua honako hauentzat: entitate sozialak, eragileak eta erakunde publikoak, inplikatuta daudenak familia politiken inplementazioan, eta haurren eskubideen alorreko prebentzio, sustapen eta defentsan (eskubide horiek ezarri ziren Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, Nazio Batuek onetsi eta Espainiak 1990ean berretsi zuen hartan).
    
    Plan horren jarduketa eremuetako bat da Eskolako Arreta Integrala. Arreta horren abiaburua da Hezkuntza, Osasun eta Eskubide Sozialetako Departamentuen arteko koordinazioa, horrek garrantzi handia baitu haurtzaroaren alorrean. Jada inplementatzen ari dira departamentuen arteko esku-hartzeak, ikastetxeetan laguntzeko osasunerako hezkuntzari eta osasunaren sustapenari, eta bermatzeko arreta integrala koherentea izanen dela OMEk osasunaz eman duen definizioarekin eta 2014-2020ko Nafarroako Osasun Planak dituen ildo estrategikoekin.
    
    Eremu horren barruan, ildo estrategikoetako bat da Eskolako arreta soziosanitarioa; hartatik abiatuta programa bat ezarri da, hezkuntza komunitatea ahaldundu nahi duena eskolaren esparruko osasun beharrak identifikatzeari eta horren arabera jarduteari dagokionez.

    Programa horren helburu nagusietako bat da koordinazioko eta esku-hartzeko prozedurak ezartzea, hautematen diren egoerei konponbidea emateko. Eta, horretarako, abian jartzen ari da esku hartzeko eta aholkularitzako programa bat, ikasleen osasunaren zainketei buruzkoa, ikastetxe bakoitzean; gainera, jarduketa protokolo generiko bat definitzen ari da egoera bakoitzaren larritasuna zenbaterainoko den ikusita.

    Lehen mandatu gisa jardun sozio-sanitarioko protokolo bat garatu da, gaixotasun kronikoa diagnostikatzen denerako eta/edo zainketa zehatzak eskatzen dituzten egoeretarako (diabetesa, asma, konbultsioak, anafilaxia). Horrekin jarduketa hori estandarizatu nahi da eta ikastetxeei aholkuak eman, hori ezartzeari buruzko erabakia ez dadin egon bakarrik haien eskuetan, orain arte hala izan bada ere.