Ikastetxeetako Araudi organiko berriak landa-eskolari buruzko kapitulu espezifiko bat jaso du lehen aldiz - Ikastetxeetako Araudi organiko berriak landa-eskolari buruzko kapitulu espezifiko bat jaso du lehen aldiz - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2026/08/20
Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Antolatzeko eta Funtzionatzeko Araudi berriak, lehen aldiz, landa eskolari buruzko kapitulu berezi bat izanen du. Arau berriak, ekainaren 30eko 36/2026 Foru Aginduan garatuak, ikastetxe horien berezitasuna eta Nafarroako landa-eremuetako herrien hezkuntza-errealitatea aitortzen ditu.
Kapitulu hau sartzea urrats garrantzitsua da landa eskolaren berezko ezaugarriek ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen araudian berariazko onarpena izan dezaten.
Landa eremuko eskolek sare anitza osatzen dute, beren herri eta komunitateei estuki lotua. Bere ezaugarrien artean daude gradu anitzeko gelen antolaketa, non ikasmaila ezberdinetako ikasleak elkarrekin bizi eta ikasten duten, ikasle, irakasle eta familien arteko gertutasuna eta herri bakoitzeko ingurune sozial, kultural eta naturalarekin harreman bereziki estua.
Araudi berriak errealitate hori jasotzen du, eta Nafarroako hezkuntza-sistemaren antolaketaren barruan landa-guneetako berezitasunak kontuan hartzea ahalbidetzen duen esparrua ezartzen du.
Aitorpen hori azken 2 ikasturteetan zehar landa eremuetako ikastetxeek, Nafarroako Landa Eskolen Sareak eta Hezkuntza Departamentuak egindako lanaren emaitza da. Ikastetxeen esperientzia eta beren ekarpenak funtsezkoak izan dira landa eskolaren aniztasuna eta ezaugarriak islatzen dituen arau-esparrurantz aurrera egiteko.
Kapitulu hori sartzeak, beraz, aurrerapauso bat dakar landa-eremuko eskolak Nafarroako hezkuntza-sistemaren barruan duen aintzatespenean, eta esparru berri bat irekitzen du haien beharrei erantzuteko eta ikastetxe horiek indartzeko neurrietan lanean jarraitzeko.
Nortasun partekatu horren erakusgarri, datorren ikasturtearen hasieran Nafarroako Landa Eskolen Sarea osatzen duten ikastetxeetako bakoitzak, ikastetxea identifikatzen duen kartelarekin batera, Sarearen logotipoa duen plaka bat izanen du. Eremu ezberdinetako landa-eskolak eta Nafarroa osoa lotzen dituen sare bateko kide direla aitortzeko aukera emango duen ikur komun bat.
Erregulazio berri honekin, landa-eskola berariaz aitortzen da araudi organikoan eta funtzionalean. Aintzatespen horrek balioa ematen dio eskola egiteko modu bati, lurraldeari eta haren komunitateei hertsiki lotua, eta eskualdeko eta Nafarroako lankidetza-sareen bidez egituratzen da. Sare horiek esperientziak partekatzeko, proiektuak sortzeko eta landa-eskola osoa indartzeko aukera ematen dute.
