Auñamendiko landa eskolen arteko Joko Topaketa - Auñamendiko landa eskolen arteko Joko Topaketa - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2023/05/10
Martxoaren 30ean III. Auñamendi bailarako eskolen arteko topaketa burutu zen Aurizberrin. Bertan, Luzaide-Arnegi, Auritz, Garralda, Auzperri eta Erroko ikasle zein irakasleak elkartu ziren.
Pandemiaren eraginez zenbait urtez atzeratu zen topaketa hau aurten egiteko aukera izan dute, hiru helburu zehatzekin: ikasleek beraien arteko harremanak sustatzea, euskara esparru ludikoan erabiltzea eta hainbat ekintza ezberdin burutzea, ingurunean ditugun baliabideak ezagutu eta esperimentatuz.
Guztira, 145 ikasle eta 29 irakasle elkartu ziren bertan eta tailer anitzetan parte hartu zuten:
- Haur Hezkuntza: Erraldoiak eta Ipuin kontalariaz gozatu zuten.
- Lehen Hezkuntzako 1-2 mailak: Okindegira joan ziren eta bertan ogia egiten ibili ziren.
- Lehen Hezkuntzako 3-4 mailak: Pirinioetako behiak ikusi eta herriko dendan bertako produktuak dastatu eta ezagutzeko aukera izan zuten.
- Lehen Hezkuntzako 5-6 mailak: Kirolean murgildu ziren, herritarrak lagun. Esku pilotan, palan eta zesta puntan aritu ziren.
Tailerrak amaitu ondoren, hamaiketakoa egiteko elkartu ziren guztiak eta pregoiaren irakurketari ekin zioten, eskola bakoitzeko ikasle banak zati bat irakurri zuelarik.
Azkenik, urtetan bertako irakaslea izan den Nekanek, hurrengo topaketetan irakurriko den mezu sekretua kutxa batean gorde eta Garraldako eskolari pasa zion. Hurrengo topaketa arte itxaron beharko dute sekretua jakiteko.