Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left 2026ko Piritopaketak Abaurregainan

2026/05/05

Apirilaren 16an, Abaurregainan Pirinioetako eskola guztietako ikasle eta irakasleak elkartu ziren, bi urtez behin ospatzen den topaketa berezian. Mendi artean eta naturaren magalean egindako elkargune horrek berriro ere agerian utzi zuen komunitate baten indarra, hizkuntza baten arnasa eta lurralde baten taupada partekatua.

Aurtengo edizioa bereziki esanguratsua izan zen, bi berritasun nagusi ekarri baitzituen. Batetik, ikasleen jolasak Irunberriko Jarduera Fisikoko goi mailako ikasleek gidatu zituzten, balio sinboliko eta pedagogiko handiko ekimena bihurtuz. Ez ziren soilik jolasak izan; lurraldetasunaren eraikuntzan ekarpen zuzena egin zuen esperientzia kolektiboa izan zen. Gazte haiek euskaraz aritu ziren naturaltasunez eta konfiantzaz, hizkuntza biziaraziz eta aldi berean Pirinioetako eskola ezberdinetako ikasleen artean harremanak sendotuz.

Irunberriko ikasleek gidatutako jarduerek funtsezko rola izan zuten elkarren arteko distantziak laburtzeko, aurpegi ezezagunak lagun bihurtzeko eta partekatutako espazio baten sentimendua indartzeko. Lurralde sakabanatuan, halako topaketek kohesioa sortzen dute, eta kasu honetan gazteak bihurtu ziren protagonista, erreferente eta komunitatearen transmisioan katebegi sendo. Euskararen erabilera izan zen jardunaldiaren ardatz nagusia, eta horrek are gehiago indartu zuen topaketaren izaera.

Bestetik, irakasleek ere euren espazioa izan zuten harremanak sendotzeko eta esperientziak partekatzeko. Gabi Berastegik gidatutako gamifikazio tailerrean, naturan garatzeko moduko proposamen didaktiko berritzaileak aurkeztu ziren, ikaskuntza bizipenarekin lotuz eta etorkizunerako ideiak partekatuz.

Goizeko 9:00etatik aurrera hasi ziren eskolak Abaurregainera iristen. Bitarte horretan, Irunberriko ikasleek jolasak gidatu zituzten, giroa pixkanaka berotuz. Azken taldea iritsi ondoren, hamaiketakoarekin indarrak hartu zituzten, eta 11:00ak aldera abiatu ziren jarduera nagusiak: ikasleen jolasak eta irakasleen tailerra.

Eguerdiko 13:00etan, une berezi batek batu zituen guztiak: “Pirinioan Dardara” abestu eta dantzatu zuten, lurraldearen taupada gorputzean sentituz. Ondoren, bazkaria partekatu zuten giro goxoan, solasaldiak eta barreak nagusituz. Bazkaldu ondoren, Irunberriko ikasleekin eta Gabi Berastegirekin batera talde-argazkia atera zuten, eta ondoren denbora libreaz gozatzeko tartea izan zuten.

Arratsaldeko 14:30etik aurrera, pixkanaka bakoitza bere herrirako bidea hartzen hasi zen, baina eguneko bizipenak eta sortutako loturak barruan eramanez. Eguraldiak lagundu zuen, baina batez ere pertsonen arteko giroak egin zuen jardunaldia berezi: beroa, hurbila eta bizia.

 

Halako topaketek argi uzten dute komunitatea ez dela soilik leku bat, baizik eta elkarrekin eraikitzen den zerbait; hizkuntzan, harremanetan eta partekatutako esperientzietan sustraitzen den zerbait. Eta atzokoa horren adibide garbia izan zen.

 

Gora Pirineoko herrien Auzolana!

Gora Piritopaketak!

Gora Euskara!