Kulturartekotasunaren Eguna Arbizuko landa eskolan - Kulturartekotasunaren Eguna Arbizuko landa eskolan - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2026/06/01
Arbizuko Herri Eskolak kulturartekotasun eta elkartasun astea ospatu du maiatzaren 11tik 15era. Egitasmoaren helburu nagusia kulturartekotasun eta elkartasunaren inguruan hausnarketa egitea izan da eta horretarako ekintzak desberdinak eraman dituzte aurrera.
Batetik, aste osoan zehar eskolan ekintza eta tailer ezberdinak burutu dituzte; hala nola, musika saioetan euskal kulturako nahiz munduko beste kultura batzuetako abestiak landu, Gorputz Heziketan munduko jolasak, ipuin ezberdinen lanketa edota familiekin munduko errezetak sukaldatu dituzte, kultura ezberdinetako ohiturak eta zaporeak gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.
Egun handia, maiatzaren 14ean ospatu zuten: “Kulturartekotasuna Arbizun” eguna, hain zuzen ere. Egun honetan ekimena kalera atera zuten, ospakizuna herrira zabalduz. Ekintzaz beteriko goiza izan zuten arbizuarrek: Arbizu kantuz, jolasak, munduko errezeten dastaketa eta beste.
Horrez gain, herriko eskola zaharrean “Buina gente...!” erakusketa jarri zuten ikusgai, Infancia migrante en la Frontera Sur de Europa marrazkien erakusketa, alegia.
Jardunaldiei amaiera emateko, ostiral arratsaldean “Ametsen ilarak” ipuin kontaketa izanen zuten, Izaskun Igeltz eta Maria Gomis-en eskutik.
Ikastetxetik, bereziki eskertu nahi izan dute familien inplikazioa eta elkarlana; izan ere, haien parte-hartze aktiborik gabe ezinezkoa litzateke horrelako jardunaldi aberasgarriak aurrera eramatea.
Halako ekimenek agerian uzten dute eskola publikoak gizarte kohesionatuago eta inklusiboago baten eraikuntzan duen funtsezko papera, are gehiago oraindik landa inguruan.




