Etxarri Aranazko eskolak intsektuetan eta naturan oinarritutako jasangarritasun proiektua eraman du aurrera - Etxarri Aranazko eskolak intsektuetan eta naturan oinarritutako jasangarritasun proiektua eraman du aurrera - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2025/09/19
Etxarri Aranatzeko San Donato eskolan jasangarritasunean eta ingurumenean oinarritutako berrikuntza proiektu zirraragarria gauzatu dute. Etapa eta ziklo bakoitzak lagundu du proiektuan, talde bakoitzak bere aletxoa jarriz.
Ikasturte honetan proiektua intsektuetan zentratu da batez ere; hauek nola erakarri eta babestu. Horretarako, haur hezkuntzan, haurrek beren ingurune naturala arakatu zuten lehenik eta zurezko blokeekin, makilekin eta naturak eskaintzen dizkigun hainbat materialekin, intsektuentzako hotelak diseinatu zituzten, ondoren haien sorkuntzen argazkiak eginez. Ondoren, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleen txanda iritsi zen, eta argazki horietan oinarrituta, etorkizuneko hotelen planoak egin zituzten.
Bestalde, bigarren zikloko ikasleek intsektu-tailer batean parte hartu zuten, Ilundain Fundazioko profesionalek emana. Intsektuen onurei buruz ikasi zuten lehenik eta ondoren, aurrekoek diseinatutako hotelak eraiki zituzten.
Gainera, intsektuak erakartzeko eta habitat egoki bat sortzeko, sendabelarrak eta lore aromatikoak dituen lorategi bat eraiki dute ere eskolan. Lehenik, talde bakoitzak aukeratutako landarearen haziak erein zituen, ondoren lorategi berrian landatzeko. Proiektuaren barruan, landare bakoitzari buruzko informazio-fitxa ere egin zuen talde bakoitzak.
Ekimena osatzeko, hirugarren zikloko ikasleek QR kodeak sortu eta jarri dituzte landare bakoitzaren ondoan, hezkuntza-komunitate osoari aukera emanez sortutako fitxa informatiboetara jo eta, horrela, tokiko florari eta faunari buruz gehiago ikasteko.
Ikastetxeak datorren ikasturtean ekimen honi jarraipena emateko asmoa du, eskola-baratzea berreskuratu eta hazitako sendabelarrekin ukenduak egiteko tailer bat eta horien errezeta-liburu bat sortzea barne.
Proiektu honek ikasleen artean ingurumen-kontzientzia sustatzeaz gain, parte-hartze aktiboa eta talde-lana ere sustatzen ditu, etorkizun iraunkorragoa lortzen lagunduz.
Zorionak Etxarriko ikastetxeari egindako lanagatik!
Honelako ekimenek erakusten dute landa eskolek, ezagutzak zabaltzeaz gain, ingurunearekiko lotura indartu eta naturaz zaintzeko ahalmena ere badutela.