Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, landa-eremuetan kokatuta daudenak, gradu anitzeko unitateak dituztenak, hau da, 9 unitate baino gutxiago dituztenak, eta irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiago ematen duenean.

Kontaktua: 0-3 eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-0a3@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Inauteri tradizionalak ospatu dituzte Baztango landa eskolek

2024/02/21

Orakunde

Antzinean, Orakunde, inauteri aurretik Baztan Ibarreko herrietan ospatzen zen azken besta zen. Inauteriak baino hiru aste lehenago, ostegunarekin, Gizakunde ospatzen zen, gizonen besta; hurrengo ostegunean, berriz, Emakunde edo emakumeen besta. Eta Hausterre asteazkenaren aurreko ostegunean, berriz, Orakunde, guztiena.

Orduan, asteazkenean hasten zen festa, “puske biltze"arekin, hau da, auzokoak janari eske joaten ziren etxez etxe herrigune eta baserrietan barna, txistulari eta musikariek lagunduta. 

Biharamunean, Ostegun Gizen edo Egun Tuntun egunean, goizeko bederatziak inguruan herriko mutikoak eskolaren atarian biltzen ziren (neskatoek arratsaldean hartzen zuten parte) eta prozesio moduan mezara joaten ziren, herriko maisua, alkatea eta apaizarekin. Meza ondoren, txistuaren doinuaz lagunduta, paseon ibiltzen ziren herriko kaleetan barrena, berriz ere puskaren bat biltzen saiatzen (jakiak eta txanponen bat).

Eguerdian, herriko ostatuan biltzen ziren eta jasotakoarekin prestatutako menua jaten zuten (txistorra, arrautzak...). Helduek er parte hartzen zuten, baina menu bereziaz gozatzen zuten.

Bazkaldu ondoren, eguneko ekitaldi nagusia izaten da, “Oilarraren Jokoa” herriko plazan. Mutilek zurezko ezpata hartu eta begiak estaltzen zitzaizkien. Lurreko lauza bat altxa eta azpiko zuloan lurperatzen zen oilarra, burua kanpoan zuela. Irakasleak txalo egin ondoren, mutilak itsu-itsuan oinez hasten ziren eta oilarraren burua ukitzen saiatzen ziren ezpatarekin. Lehenengo ukitzen zuenak etxera eramanen zuen. Zenbait aldiz errepikatzen zen jokoa adinaren araberako taldeetan. Ondotik, bertzelako jolasak ere egiten ziren.

Dantza batekin akitzen zen besta besta “ilun ezkile” edo ilunabarreko kanpai-hotsak jotzen zuenean, jendea etxeratzeko.

 

Zigako eskola 

Otsailaren 2an Zigan Orakunde eguna ospatu zuten Zigako eskolako ikasle eta irakasleek.

Egun ederra izan zen eta arras ongi pasatu zuten. Lehenengo, etxez-etxe ibili ziren goizean, ohiturak agindu bezala,  Modesto akordeoilariaren laguntzarekin.

Gero, Aldekoa etxeko garajean bazkaria izan zuten eta ondoren, joko ezberdinak egin zituzten, Oilarraren Harrapaketarekin bukatzeko.

Eguna akitzeko, txokolatada eta dantzaldia izan zituzten.

 

 

Gaur egun, Orakunde, zaila izaten da herri guztietarako musikariak lortzea eta zenbait herrik asteazkenera aurreratzen dute besta. Mezari eusten diote batzuetan, baina bazkaria jatetxe, elkartee edo auzokideen garaje edo txokoan izaten da. 

Hortaz, pixka bat aldatua, baina eusten diote Ziga herrian ere, komunitatea lotzen eta izaera sendotzen laguntzen duen ohitura honi.

 

 

Erratzuko eskola

Otsailaren 7an Oilardantza egin zuten Erratzuko landa eskolak herriarekin batera.

Hasteko, kalejiran atera ziren herrian barna; dantzan eta herriko jendeak emandakoa jaten pasa zuten goiza.

Gero, Kastonean bazkaldu ondoren, jokoak egin zituzten eta Zapik, Ekik eta Ekainek oilarra harrapatu zuten. Zorionak, txapeldunak!

 

 

BI egun beranduago, otsailak 9, Gizakunde ospatu zuten. Hartzaz, hartza-zainaz, mozorroz, mozorro-xuriz eta mozorro-beltzez jantzi ziren herrian barna joateko jendea izutzen eta bazterrak nahasten. Ondotik, frontoian, denek elkarrekin, zortzikoa dantzatu zuten eta Jantzilo-a erre zuten.

 

Ederki pasa zuten bi egun horietan herriko usadioekin bat eginez!!