Balantze oso positiboarekin itxi du ikasturtea Landa Eskolen Sareak - Balantze oso positiboarekin itxi du ikasturtea Landa Eskolen Sareak - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2023/07/17
Nafarroako Landa Eskolen Sareak ikasturte honetako azken lan saioa egin zuen ekainean. 12 eremuak koordinatzeko ardura duten 15 pertsonak eta Hezkuntza Departamentuko Haur Eskolen eta Landa Eskolen Ataleko ordezkaria Obanosen bildu ziren, besteak beste, ikasturte honetan egindako lanaren balorazioa egiteko eta hobetzeko proposamenak bilatzeko.
2022-2023 ikasturtean, batez ere, landa-eremuetako eskola txikien arteko lankidetza, landa-eskola berezko ezaugarriekin ikusaraztea eta ikastetxe horietako irakasleentzako berariazko prestakuntza sustatu dira lan-taldean.
Hasiera batean, eskola ttikien arteko lankidetza ahalbidetzeko sortu zen sarea, oso eraginkorra baita zalantzak eta zailtasunak bideratzeko eta talde-sentimendua sortzeko, batez ere zentro txikienetako "bakardadea" gaindituz.
Ikuspenari dagokionez, Nafarroako landa eskolen Sarea erreportajea aurkeztu zuen taldeak joan den irailean. Erreportaje horrek herri txikietako eskolek betetzen duten hezkuntza- eta gizarte-lana aldarrikatzen du eta irakasleak, ikasleak, familiak eta landa-eremuko beste eragile zenbait izan ditu protagonista, Mikel Eraso Ascunce ikus-entzunezko errealizadorearen zuzendaritzapean. Horrez gain, bere logotipoa ere eguneratu du Sareak. Herriari, inguruneari, hezkuntzaren haziari, Nafarroako aniztasunari eta sareko lan kooperatiboari buruzko irudi berritua eman dio Juan Angel Perotxena diseinatzaile grafikoak. Prozesua borobiltzeko, ikastetxe hauei buruzko albisteen argitaratzearekin jarraitu da aurten, "Gure landa eskola" atal honetan bertan; horien bidez, ikastetxeek komunitateari egiten dioten ekarpenaren adibideak erakusten dira.
Landa irakasleentzako prestakuntzari dagokionez, bi norabide jorratu ditu Landa Eskolen Sareak: batetik, berariazko prestakuntza-jardueren plan bat egin du, irakasleei jakintzak eta hezkuntzarako baliabideak emateko. Izan ere, eskola hauetako taldeen eta horien kideen ezaugarriek, adin eta maila anitzetakoak, prozesuak birplanteatzea eskatzen diete maisu-maistrei, lan egiteko estrategia oso desberdinak, malguagoak, aktiboagoak eta kooperatiboagoak bilatu behar izaten dutelarik.
Antolaturiko jarduera horiek Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Planeko prestakuntza estrategiaren barruan sartu dira:
- "Landa Eskolan lanean"
- "Oportunidades para trabajar en aulas multigrado rurales"
- "Diseño y desarrollo de Situaciones de Aprendizaje para aulas multigrado"
- Nafarroako Landa Eskolaren VII. Jardunaldi Pedagogikoa, ikasturte honetako prestakuntza-jarduera nagusia. Nafarroako, Euskadiko, Zaragozako, Teruelgo, Huescako eta Errioxako adituek hartu dute parte bertan, eta irakasleen arteko harremanak bultzatzen, landa-eskolako balioen inguruko hausnarketa zabaltzen eta zenbait esperientzia interesgarri erakusten lagundu du.
Bestalde, NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin komunikaziorako eta lankidetzarako gune bat sortu da. Hasierako diagnostikoan oso agerian nabarmentzen da egungo ikasketa-planek ez dutela ia heltzen landa-lurraldeetako hezkuntzaren gaiar. Hortaz, hobetzeko ildoak bilatzeari ekin zaio, izan ere, ziurrenik, gure erkidegoko 60 landa-eskoletako irakasle ariko dira gaur egungo ikasle horiek.
Aurten egindako lanaren balorazio orokorra oso positiboa da, bi alderdi nabarmentzen direlarik: batetik, lankidetza-loturak sendotzea lortzen ari garela baliabideen aprobetxamendu handiagoarekin, eta, bestetik, ikastetxeak agerian eta hobeto baloratuta ikusten direla, babes eta ordezkaritza handiagoa dutelarik.