Partekatutako lana indartzen itxi du ikasturtea Nafarroako Landa Eskolen Sareak - Partekatutako lana indartzen itxi du ikasturtea Nafarroako Landa Eskolen Sareak - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2026/07/30
Nafarroako Landa Eskolen Sareak ikasturteko azken topaketa egin zuen eta Urroz Hirian zonalde ezberdinetako koordinazioak bildu zituen urtearen balantzea egiteko, egindako lanaren ebaluazioa partekatzeko eta sareko lana indartzen jarraitzeko.
Jardunaldiari hasiera emateko, Nafarroako Sarearen eta eskualdeko sareen funtzionamenduari buruzko hausnarketa bateratua egin zen. Koordinatzaileek aldez aurretik egindako ebaluazio batean oinarrituta, ikasturtean lortutako lorpen nagusiak, gainditu gabeko erronkak eta hobetzeko proposamenak aztertu ziren, konfiantzan, elkarrekiko laguntzan eta konpromiso partekatuan oinarritutako lankidetza-sarea sendotzen jarraitzeko.
Ikasturteko alderdi nabarmenen artean, honako hauek nabarmendu ziren: eskualdeko proiektuen garapena, ikastetxeen arteko komunikazioa indartzea, baliabideak eta jardunbide egokiak trukatzea eta koordinazioen parte-hartze aktiboa. Era berean, Sareak ikastetxeen antolakuntza eta funtzionamendurako araudi berria egiteko egindako ekarpena nabarmendu zen. Honetan, lehenengo aldiz, landa-eskolei buruzko titulu espezifiko bat sartu zen, eta araudi horren berezitasuna aitortu zen eta lankidetza-lanerako esparru egonkor bat eman zen.
Indarrak berritzeko atsedenaldiaren ondoren, jardunaldiak tokiko ondarearen didaktikari buruzko prestakuntza-saio batekin jarraitu zuen, gamifikazioaren bidez. Saio horretan, parte-hartzaileek inguruneko fauna ikasleengana hurbiltzeko proposamenak eta baliabideak ezagutu ahal izan zituzten, metodologia aktibo eta motibatzaileen bidez.
Topaketak giro hurbila eta parte-hartzailea izan zuen, Sareak urte hauetan eraiki duen konfiantza-giroaren isla, eta une bereziki hunkigarri batekin amaitu zen, ikasturte honetan lantaldean etapa bat ixten duten pertsonak aintzatesteko. Bere dedikazioa, landa eskolarekiko konpromisoa eta guztion artean eraikitako proiektu batean uzten duten arrastoa eskertzeko aukera izan zen. Asko dira lantalde horretatik igaro diren pertsonak, eta bakoitzak arrasto ezabaezina utzi du.
Saretik eskerrak eman nahi dizkiegu koordinazioei, zuzendaritza-taldeei, irakasleei eta Hezkuntza Departamentuari, bai eta egunero Nafarroako landa-eskola indartzen laguntzen duten pertsona guztiei ere.
Datorren ikasturteari begira, Sareak lankidetza-lana, prestakuntza partekatua, araudi berriaren hedapena eta Nafarroako Landa Eremuko Eskolaren IX. Jardunaldien antolaketa bultzatzen jarraituko du, landa-eskola gero eta kohesionatuagoa, ikusgarriagoa eta hezkuntza-hobekuntzarekin konprometituagoa eraikitzen jarraitzeko helburuarekin.




