Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Tafallako landa eskolen sareak protagonismoa hartu du Nafarroako III. Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren Lehiaketan

Joan den ostiralean, maiatzak 30, ospatu zen ekitaldia

2025/06/02

Tafallako eskualdeko landa eskolen sareak erreferente nagusietako bat izan da Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren Sareak antolatutako III. Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren Lehiaketan. Aurtengo edizioan, landa inguruko ikastetxeek gizarte- eta hezkuntza-inpaktu handiko ekimen berritzaileak sustatzeko duten gaitasuna aitortu da. 

Obanos, Añorbe, Beire, Berbinzana, Miranda de Arga, Pitillas, Uxue eta Barásoingo landa eskolek elkarlanean garatu dute ‘Eskolak Konektatzen / Conectando Escuelas’ izeneko proiektua, oinez edo bizikletaz mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuz. Proiektuak ikastetxe eta herrien arteko lotura indartu nahi izan du landa eremuetan, segurtasun-bideak sortuz eta komunitateen arteko harremanak bultzatuz. 

Horrez gain, CPEIP Pitillasek ere saria jaso du ‘Amesten dut, eraikitzen dut eta bizi dut Pitillas’ proiektuagatik, herriko espazio publikoak berreskuratzea helburu izan duen ekimenagatik, bizikidetza indartzeko eta geroz eta anitzagoa den testuinguru kulturalean elkarrizketa sustatzeko. 

2025eko lehen seihilekoan zehar garatu diren proiektu hauek hezkuntza eta elkartasunaren arteko uztarketa erakusten dute, eta, aldi berean, komunitate-lanari esker, tokiko udalekin, elkarteekin eta bestelako eragileekin sarean lan egiteko gaitasuna nabarmendu dute. Antolatzaileen arabera, horrelako lankidetza-dinamiken bidez lortzen da ekimenen iraunkortasuna. 

Sari-banaketan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari Txema Burgaletak, landa eskolen lana nabarmendu zuen, eta adierazi zuen lehiaketak “eraldatzaileak diren metodologia pedagogikoak finkatzen” funtsezkoak direla, “lurraldetik abiatuta, ikasleen konpromiso soziala sustatuz”.

Guztira, zortzi proiektu izan dira sarituak, bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta gizarte-erakundeetako ekimenekin batera. Hala ere, Nafarroako landa sarearen protagonismoak erakusten du eskola txikiek ere aldaketarako eragile izan daitezkeela, balioetan oinarritutako hezkuntza baten alde eginez: elkartasuna, jasangarritasuna eta herritartasun parte-hartzailea.

 

Albistea