Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna, jubilotekako emakumeekin ospatu du Aresoko eskolak

2025/10/29

 

Urriaren 15ean ospatzen da Nazioarteko Landa Eremuko Emakumearen Eguna. Egun seinalatua izaten da urtero Aresoko Nazabal eskolan eta aurtengoan ere hala izan da. Udazkenko eguraldi goxoa aprobetxatuz, eskolako ikasleek Areson gaztainak bildu zituzten. BIharamunean, urriak 16, goizeko hamarretan elkartu ziren Jubilotekako emakumeak eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleak eskola ondoko elkartearen atarian. Gaztainak danbolinean erretzen zituzten bitartean, gaztainen inguruko istorio ederrak entzuteko aukera izaten zuten herriko adineko emakumeen eskutik. Hala, gaztainen inguruko hiztegi aberatsa ezagutzeko aukera ere izan zuten.

Gaztainak erreta zeudenean eskola guztiko ikasleak eta irakasleak elkartu ziren mahaiaren bueltan eta hamaiketako ederra egin zuten. Eta hitzordua borobiltzeko, kanturako tartea ere izan zuten. Jubilotekako arduraduna den Ainhoa Ansak gitarrarekin lagunduta, Benito Lertxundiren Urrundik heldu naiz eta Pantxoa eta Peioren Urtxintxak oihanean abestiak abestu zituzten. Goiz polita eta goxoa pasa zuten elkarrekin. Ez da aurreneko aldia eskolako ikasleek eta jubilotekako lagunek elkarrekin ekintza bat egiten dutena, eta ez da azkenekoa izango; belaunaldi ezberdinak elkartzea onuragarria bezain aberasgarria baita.