Marokoko kulturan murgildu da Etxalarko landa eskola - Marokoko kulturan murgildu da Etxalarko landa eskola - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2026/05/25
Bigarren hiruhilekoan zehar, LH1-2 mailako ikasleak Gaztelaniako irakasgaian Marokon barrena ibili dira bidaiatzen. "Munduan zehar bidaiatzen" proiektuaren bigarren geltokia izan da hau. Gugandik hurbil dagoen baina hain desberdina den kultura bat ezagutu dute.
Lehenbizi, Marokoko leku desberdinak ezagutu dituzte: Marrakech eta bere zokoa, merkatua, desertua eta bertako elementuak, riadak…
Ondoren, bertako hizkuntza eta alfabetoaren inguruan ere solastu dira, bertan arabieraz hitz egiten dutela ikasi dute eta beraien alfabetoa desberdina dela ezagutu dute. Honekin, karta joko bat egin dute, gelakideen izenak arabieraz idatzi eta memoria jolas bat sortuz. Zein musika mota eta bertako janari ohikoenak zeintzuk diren ere jakin dute.
Proiektuari amaiera emateko, ikasitako zenbait alderdi praktikan ezagutzeko aukera izan dute eta honekin batera zentzumenen tailer bat antolatu dute. Marokori lotzen zaizkion janari desberdinak probatu (dastamena), bertako usainak ezagutu (usaimena), ehundura desberdinak ukitu (ukimena), alfabetoko letrak ezagutu (ikusmena) eta musika desberdinak entzunez (entzumena).
Honetarako, gutun baten bitartez LH 3-4 eta LH 5-6.mailako kideak gonbidatu zituzten eta beraiek izan ziren LH 1-2ko ikasleek antolatutako zentzumen tailerraren parte hartzaileak. Esperientzia hagitz polita izan zen, eskola komunitateko bertze kideekin hartu emanean jarduteko aukera eman baitzieten, ikaskuntza prozesua bertze rol batetik bizitzeko aukera izanez.
Ilusio eta interes handiz prestaturiko tailer honi esker, talde lana, gaitasun soziala, aho zein idatzizko adierazpena eta kulturaniztasuna lantzeaz gain, sormena eta irudimena ere landu ahal izan zituzten.
Aunitz ikasi, ikasarazi eta batez ere gozatu duten proiektua izan da eta egindako lana zoragarria izan da!

Ikasleen izenak arabieraz idazten ikasi dute
