Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Oso balantze positiboarekin itxi du ikasturteko lehen lauhilekoa Nafarroako Landa Eskolen Sareak

2024/12/24

Landa-eremuetako hezkuntza hobetzeko funtsezkoak diren hainbat arlotan lortutako aurrerapenak azpimarratu dira. 12 eskola-eremuetako 16 koordinatzaileek osatutako hiru lan-batzordeen bidez, oinarrizko ekintzak ezarri dira martxan araudiak egokitzeko, zerbitzuak optimizatzeko eta landa-eremuko irakasleen prestakuntza indartzeko.


1. Eskola txikietara egokitutako Ikastetxeen Araudi Organikorako proposamena

Ekimen garrantzitsuenetako bat izan da hau, Nafarroan lehendabiziko aldiz antolakuntza eta funtzionamendu araudiak landa-eskola txikien beharrak jaso eta erantzun egokia emateko bideak aztertzeko asmo sendoa islatzen duelako. Ekimen honen helburua hezkuntza-araudiak malgutzea da, ikastetxe horietan antolaketa eta kudeaketa hobea bermatzeko, baliabide-mugak gaindituz.


2. Eskola Orientazioko zerbitzua optimizatzea

Hezkuntza-zerbitzuen hobekuntzaren esparruan, landa-eskoletako eskola-orientazioko zerbitzuaren egoeraren azterketa zehatza egin da, ikastetxe hauen tamaina eta sakabanaketak oso nabarmen eragiten dio baliabide hauen esleipenari eta antolakuntzari. Eraginkortasuna irabazteko bideak aztertu dira lan-ildo honetan, ikasleei arlo akademiko zein emozionaletan ematen zaien laguntza indartze aldera.


3. Landa-irakasleentzako prestakuntza-jarduerak

Irakasleen etengabeko prestakuntza erabakigarria da edozein hezkuntza-sistemaren arrakastarako. Esparru horretan, sareak aurrerapenak egiten jarraitzen du landa-eremuko irakasleentzako prestakuntza-jarduerak antolatzen, jardunbide egokiak partekatzeko eta beren lanerako tresna osagarriak eskaintzeko. 2025eko urtarriletik aurrera, informazio-saioak hasiko dira hilero, eta beren esperientzia partekatzeko prest dauden hizlari eta irakasleek parte hartuko dute.

Horrez gain, Nafarroako Landa Eskolaren VIII. Jardunaldiak antolatzen ari dira. 2025eko apirilaren 5ean egingo dira Lakuntzan, eta landa hezkuntzako profesionalak bilduko dira bertan, esperientziak trukatzeko eta sarea indartzeko.


Landa Hezkuntzarekiko konpromisoa

Lorpen horiek erakusten dute Landa Eskolen Sarearen konpromisoa landa-eremuetako hezkuntza etengabe hobetzeko, komunitate bakoitzaren beharretara egokituz eta hezkuntza-erronkei irtenbide berritzaileak bilatuz. Eskola-eremuen arteko koordinazioa eta inplikatutako guztien lankidetza funtsezkoak dira oraindik ere landa-eremuko hezkuntza-kalitatean aurrera egiten jarraitzeko.