Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Pentsamendu konputazionala eta robotika, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango eskoletan barneratzen

2026/10/08

Irailean zehar, zonaldeko irakasleek sei prestakuntza-saio egin dituzte Iruritako Ikasnova gelan, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte pentsamendu konputazionala geletan sustatzeko helburuarekin.

Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskoletako irakasleek hasiera eman diote ikasturte honetako prestakuntza instituzionalari. Proiektu berritzaile honen ardatz nagusiak robotika eta pentsamendu konputazionala dira, gure ikasgeletan ikaskuntza aktiboa modu praktikoan txertatzeko helburuarekin.

Guztira sei saio bideratu dira irailean zehar. Prestakuntzarako Iruritako Ikasnova gela aukeratu da, espazio horrek eskaintzen dituen aukerei eta altzari flexiboei esker giro bikaina sortu baita lankidetzan aritzeko, material ezberdinak probatzeko eta proposamen pedagogiko berritzaileak eraikitzeko.

Saio hauetan Miren Zudaire eta Nora Salbotx klaustrokide eta irakasleak izan dira hizlari eta gidari. Haien eskutik, geletara zuzenean eramateko praktika zehatzak, baliabideak eta benetako esperientziak partekatu dira. Esperientzia-truke honek irakasleen arteko sare-lana sendotzeko eta praktika onak elkarbanatzeko balio izan du.

Formakuntzaren gako nagusietako bat curriculum osoaren zeharreko orientazioa izan da. Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino, maila bakoitzean zein keinurekin, dinamikarekin eta proiekturekin pentsamendu konputazionala landu daitekeen aztertu eta probatu da. Bide horretan, logikaren garapena, arazoen ebazpena, sormena eta pentsamendu kritikoa uztartu dira, betiere landa-eremuko eskolen errealitateari erantzunez.

Iniziatiba honen bidez, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango landa-eremuko eskola publikoek kalitatezko hezkuntza berritzaile eta gertuko baten aldeko apustu sendoa berretsi dute, gure ikasleei etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna egokiak eskainiz.