Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Bortzirietako ikastetxe publikoen koordinazio bilera

2022/02/01

Bortzirietako Ikastetxe publikoek Bortzirietako Hezkuntza proiektua aitzinera eramateko urtarrileko bilera burutu dute Etxalarko Landagain eskolan. 

Duela hamarnaka urte hasi ziren hilero-hilero honelako batzarrak egiten, eskualdeko eskolen hezkuntza proiektuak modu bateratuan eta koordinatuan eramateko helburuarekin.

Emozio Hezkuntza eta Hizkuntza arloaren lanketa Lehen Hezkuntzatik DBHrako aldaketan izan dira azken bileran jorraturiko gai nagusiak, baina beste asko izaten dituzte, besteak beste, ikasleek partekatzeko ekimenak (txangoak, kanpaldiak, antzerkiak, ospakizunak…), koordinazio pedagogikoa, Gizarte Zerbitzuekiko harremana eta koordinazioa, matrikulazio kanpainak, partekaturik dituzten baliabideen antolakuntza, prestakuntza, arazoak eta konponbideak, e.a. 

Arantza, Etxalar, Igantzi, Lesaka eta Berako Lehen Hezkuntzako eskoletako eta Berako Toki Ona institutuko zuzendariak, eskualdeko eskola orientatzaileak eta landa eskolen koordinatzailea biltzen dira normalean, puntualki eta beharrak aginduta, bertze hainbat eragilek ere parte hartzen dutelarik, hala nola, Hezkuntza Departamentuko ikuskariak, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak edota Euskara Mankomunitateko teknikariak…