Landa eskolak

Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.

Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803

angle-left Sakanako herri eskoletako hezkuntza komunitateak eskolaren balioaz hausnartu du

2026/03/13

Sakanako herri eskolek ekimen parte-hartzaile txiki bat abiatu dute, galdera sinple batekin: “ZER DA ZURETZAT ESKOLA?”

Galdera ikasleei, familiei eta irakasleei luzatu diete. Hona frogatzen duten hainbat testigantza:

IZEI, ikaslea: Eskola ikasteko eta ondo pasatzeko leku bat da. Eskola euskara da, baita laguntasuna ere.

LOREA, gurasoa: Bertakoek zein etorritakoek gure herrian sustraiak sortzeko, euskarara hurbiltzeko, bizikidetza areagotzeko eta elkarrekin partekatzeko ezinbesteko habia, topagunea, babeslekua. Gure herrian, etxea den eskola dugu.

FIRDAOUS, ikaslea: Lagunak egiteko lekua. Handitan zuk nahi duzuna izateko gauzak ikasteko lekua.

AIDA, gurasoa: Niretzat oso garrantzitsua izan da herriaren parte sentitzeko, eraikitzeko gogoa zuen komunitate baten parte sentitzeko, harrera, zaintza, ezagutzen ez nituen ohitura eta tradizioen transmisioa…. eta hori guztia haurrak erdigunean jarriz. Eskerrik asko!

AITANA, ikaslea: Eskolan maitasuna sentitzen dut.

IZASKUN, irakaslea: Gertukoa, goxoa, batzen duena eta herritarrak euskalduntzen dituena.

RIMAS, ikaslea: Pozik nator eskolara. Oso ondo pasatzen dut. Euskara hemen ikasi dut. Maite zaitut eskola!

EBA, gurasoa: Familia, ikasle eta irakasleen arteko harreman estua. Ikasleekiko ardura, ez soilik akademikoki, baita bakoitzaren bizipenez arduratzen dena eta profesionaltasun handiz laguntzen duena.

MARIO, ikaslea: Asko gustatzen zait eskola irakasleak oso onak direlako eta lagunekin nagoelako.

SOFIA, ikaslea: Eskola hontan berria naiz eta lehenengo egunean oso ongi sentitu nintzen. Hemen egiten ditugun gauzak asko gustatzen zaizkit. Lagun berriak oso onak eta politak izan dira. Beraiekin egotea asko gustatzen zait, baita irakasleekin ere.

HAJAR, gurasoa: Benetako eskola zuzendari konprometitua eta hezitzaile talde inplikatua dituena da. Nire herriko eskola horren adibide garbia da: ondo egindako lana, dedikazioa eta balioak egunero islatzen dira gure haurren hezkuntzan.

LAIDA, ikaslea: Eskola lagunekin egoteko eta ikasteko nire etxea da. Momentu onak pasatzen ditugu batera eta hori zoragarria da.

AGURNE, gurasoa: Benetako inklusioa eta berdintasuna bermatzen duena, euskalduna, kalitatezkoa, unibertsala, etorkizuneko gizartea eraikitzeko ezinbesteko bidea, harrotasunez zaindu beharrekoa.

 

Argi dago jasotako erantzunek irudi partekatua erakusten dutela: ikasteko, elkarrekin bizitzeko eta komunitatea egiteko espazioa da eskola. Familia askorentzat bigarren etxea da, haurrek seguru eta gustura sentitzen diren lekua.

Ikasleek, berriz, ikasteko, jolasteko eta lagunak egiteko tokia dela diote; familiek eta irakasleek, berriz, herriari lotutako eskola publikoa, euskalduna eta inklusiboa dela azpimarratzen dute.

Ahots guztiek ideia bera azpimarratzen dute: Eskola ikasteko lekua baino askoz gehiago da; elkarrekin hazteko espazioa da...

...HAU GUZTIA ETA GEHIAGO DA ESKOLA 🌱