Mugarik gabeko ametsak: Arnegi-Luzaide Eskolaren 10 urteko bidea, landa eremuko hezkuntzaren boterearen erakusgarri - Mugarik gabeko ametsak: Arnegi-Luzaide Eskolaren 10 urteko bidea, landa eremuko hezkuntzaren boterearen erakusgarri - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2026/11/06
Ateak eta mundua zabaltzen dituen askatasuna
Zirrara handikoa izan zen ikasleak hiru hizkuntzatan hain naturaltasunez entzutea, elkarketa honek ireki dizkien ate eta aukera ugariak beren ahots propioz adierazten. Izan ere, betidanik bat izan diren bi herri hauetan, muga politiko baten oztopoen gainetik, haurrak dira gure eskualdeko elkarbizitza sendotzen eta berritzen ari direnak, hizkuntza eta kultura ezberdinak modu erabat naturalean bereganatuz. Haietako haur batek erran zuen bezala “oraindik ez dakit zein hizkuntzatan amestuko dudan”. Hitz horiek guztien bihotza ukitu zuten, eta proiektu honen sakontasuna azaldu zuten hitzik gabe: zein mundu zabaltze ikaragarria eskaintzen dien hezkuntza honek eta zeintzuk diren beren buruan eraikitzen ari diren askatasun mugarik gabeak.
Hor dago landa eremuko eskolen benetako indarra: gizartean eragin sakona izateko, nortasuna sustatzeko eta gure herriei etorkizuna eta bizitza emateko duten ahalmena.
Denon artean jositako festa eta Proiektua
Egunak ez zuen une nagusi bakar bat izan, momentu bakoitzak bere indarra, bere leku propioa eta bere balioa izan baitzituen. Eskolako goizeko gosari gozoarekin eta azken hamarkada hau gogora ekarri zuen argazki erakusketarekin hasita, emozioa airean zegoen. Ondoren etorri ziren ikasleen lekukotasun aberatsak, eta baita politikari nahiz unibertsitateko adituen hitzaldiak ere, proiektu honen balio pedagogiko eta soziala azpimarratuz. Tartean, eskola proiektua hobeki irudikatuko duen logotipo berriaren aurkezpena ere egin zen.
Arratsaldean jaiak eta elkarbizitzak hartu zuten lehen planoa: Dantzariek (bolanteak) emandako indarra eta kolorea, herri bazkaria, haurrak liluratu zituen magoa eta eguna borobildu zuen musika. Ekintza bakoitzak bere erregai propioa jarri zion komunitatearen ospakizun honi.
Landa eremuko eskolaren boterea
Hamar urteko bide hau ez da berez etorri. Horren atzean hezkuntza-komunitate oso baten inplikazio eta indar ikaragarria dago:
- Zuzendaritzen eta irakasleen sustatze eta lidergoa: Proiektua amestu, burokrazia eta erronka logistiko guztien gainetik sinetsi, eta egunero ahalegin bikoitza eginez bi eskolak banandezin bihurtu dituzten irakasle eta zuzendarien dedikazio nekaezina.
- Familien eta komunitatearen babesa: Apustu berritzaile honetan konfiantza jarri duten gurasoak eta festa zein egunerokoa beren egingo duten herritarrak.
- Erakundeen babesa: Bi aldetako ikuskaritzen eta udalen konpromisoa, proiektua garatu eta sendotu dadin bidea erraztuz.
Guztien artean erakutsi digute hezkuntza ez dela soilik lau hormaren artean irakasten dena, komunitate bat jostea baizik. Arnegi-Luzaide Eskola ez da elkartze administratibo soil bat; gure gizartea eraldatzeko, elkarbizitza ereiteko eta gure herriei etorkizun oparoa emateko landa eremuan dugun indarrik handiena da.
Zein hizkuntzatan amesten dugun berdin dion moduan, elkarrekin amesten jarraitzeko bidea zabalik dago!
