Zaraitzuko landa eskolako Natur-gela: ingurumen-hezkuntza eta tokiko nekazaritzaren balioa uztartzen dituen proiektua - Zaraitzuko landa eskolako Natur-gela: ingurumen-hezkuntza eta tokiko nekazaritzaren balioa uztartzen dituen proiektua - Dpto
Landa-eskolatzat hartzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, landa-eremuetan kokatuta daudenak eta gradu anitz duten unitateak dituztenak, hau da, taldeak non irakasle batek aldi berean ikasturte bat baino gehiagoko ikasleak hartatzen dituen. Hortaz, 9 unitate baino gutxiago izanen dituzte eskola hauek. Hauetako batzuek talde bakarra dute ikasle guztiendako, eta "eskola unitario" izendapena dute.
Kontaktua: Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atala
Mezu elektronikoak: dpto-escuelasinfantilesyrurales@educacion.navarra.es
Telefonoa: 848426555 – 848424803
2025/10/30
Otsagabiako Zaraitzuko IPan naturarekin eta landa-eremuarekin harreman zuzena sustatzen duen proiektu berezia ari dira garatzen: Natur-gela. Ekimen honen bidez, ikasleek baratzean, oilotegian eta ingurune naturaleko beste jarduera batzuetan parte hartzen dute, ingurumenarekiko ardura eta nekazaritzaren ezagutza praktikoa uztartuz.
Eskolako arduradunen arabera, natur-gelak ikasleen motibazioa eta parte-hartzea indartu ditu, planifikatzeko, laguntzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskainiz. “Ikasleek banakako eta taldeko erantzukizunak hartu dituzte, eta horrek ikaskuntza autonomoa eta elkarlana bultzatu du”, azaldu dute.
Hezkuntza integrala eta diziplina artekoa
Natur-gelako jarduerek curriculumeko arlo guztiak ukitzen dituzte: natur eta gizarte zientziak, hizkuntza, matematika eta euskara. Horrez gain, ingurumen-hezkuntza, osasunerako hezkuntza eta bizikidetzarako balioak modu zeharkakoan landu dira.
Oiloen zaintza, baratzearen antolaketa, estazio meteorologikoaren kudeaketa eta konpostajea bezalako eguneroko lanen bidez, ikasleek ingurumena zaintzeko ohiturak eta jarrerak barneratu dituzte.
Despopulatzearen aurkako hazia
Proiektuaren atzean dagoen helburu soziala ere nabarmena da: landa eremuko herrien biziraupena sustatzea. Horretarako, eskolan bertako euskal oilo arraza marraduna hazi dute, tokiko ondarea eta lanbide tradizionalak balioan jarriz. Oilo hauek, gaur egun, bailarako oilotegietan bizi dira, eta horrela lortu da herriari bizia eta jarraipena ematea.
Tokiko ekoizleekin harremanak: Bordaxaki eta Aztal Gazta
Eskolak bertako bi ekoizlerekin topaketa aberasgarriak izan ditu: Bordaxaki (euskal txerria) eta Aztal Gazta (ardi latxa eta ahuntz piriniarra). Elkarrizketetan, balio komunetan oinarritutako lankidetza-aukerak aztertu ziren —iraunkortasuna, ingurunearekiko errespetua eta hurbileko produktuen sustapena—.
Horien ondorioz, “Ordea” izeneko truke-formula sortu zen: eskualdeok oilo autoktonoak 0 kilometroko produktuen truke. Eredu honek ekonomia kolaboratibo tradizionala berreskuratu eta tokiko ekoizleen lana erdigunean jartzen du.
CPAENekin lankidetza eta Irulegi Arrautzen bisita
Iraunkortasunaren arloan, ikasleek Irulegi Arrautza Ekologikoen etxaldea bisitatu zuten, Nafarroako erreferente den proiektua. Bisitan, hegazti-ustiategi ekologiko baten funtzionamendua ezagutu zuten, oiloen ongizatea eta nekazaritza ekologikoaren printzipioak aztertuz.
Gainera, jarduera hau CPAENekin (Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseilua) elkarlanean garatutako prestakuntza-saioekin osatu zen, elikadura-subiranotasuna, ziurtagiri ekologikoa eta kontsumo arduratsua bezalako kontzeptuak lantzeko.

Eutsi Pirinio kolektiboarekin esperientzia intergenerazionala
Azkenik, ikasturtean zehar bi topaketa egin dira Eutsi Pirinio kolektiboarekin, zahartze aktiboa eta jakintza tradizionalaren transmisioa bultzatzen dituen erakundearekin.
Lehenengo saioan, tokiko tomate-barietateen landaketa eta biodibertsitatearen garrantzia jorratu ziren; bigarrenean, oiloen zaintzari buruzko esperientzia historikoak partekatu zituzten inguruko adinekoek. Bi saioek belaunaldi arteko lotura, ahozko memoria eta ingurumenarekiko errespetua uztartu zituzten.
Ondorioz, Otsagabiako Natur-gelaren proiektuak ingurumenarekiko ardura, tokiko kultura eta hezkuntza integrala uztartzen ditu, landa eremuko bizitza eta jakintza tradizionalak berriro balioan jarriz. Proiektuaren bultzatzaileen hitzetan, “ikasle hauek izango dira etorkizuneko lurraldearen kudeatzaileak, eta gaurtik ari dira hori eraikitzen”.


