Antolaketa neurriak - Dpto
Hezkuntza Departamentuak ikastetxera bideratutako askotariko prestakuntza jarduerak planifikatzen eta garatzen ditu, hezkuntza unitate modura harturik ikastetxea. Atal honetan bada jardueren gaineko informazio xehatua.
Kontaktua: Prestakuntzaren eta kalitatearen atala
Mezu elektronikoak: secretaria.cap.pamplona@educacion.navarra.es
Telefonoa: Orokorra 848 426232 Ziurtagiriak eta deialdiak 848 424775 / 848 424776
Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebeharra da, hezkuntza sistemaren beraren kalitate faktore bat eta behar bat; horregatik, beharrezkoa da ondoko antolaketa neurriak ezartzea, prestakuntzaren garapena errazte aldera:
1. Ikastetxeen antolaketa
Ikastetxeek, behin beharrak antzemanez gero, beharrezko prestakuntza jarduerak ezarriko dituzte euren Hobekuntza Plana bultzatzeko. Ikastetxeek ikastetxeko prestakuntza plana egiteko ikastetxean prestakuntzaren arduradunaren laguntza eta dagokien ILZren erreferentziako aholkularitza izanen dute.
Ikastetxeko Prestakuntza Planean erabil daitezke Hezkuntza Departamentuak antolatutako eta prestakuntza planean sartutako prestakuntza jarduerak, eta zuzendaritza taldeek ikastetxeko prestakuntza antola dezakete proposatu dituzten helburuei ongien egokituriko modalitateak eta jarduerak aintzat hartuz. Irakasleek etengabeko prestakuntzarako eskubidea gauzatuko dute euren ikastetxean bertan prestakuntza modalitateetan parte hartuz eta, orobat, prestakuntza Planeko jardueretan.
Urteko Plan Orokorrak (UPO), ikastetxe bakoitzeko plangintza instituzionaleko atal gisa, prestakuntza plana barne hartu behar du eta prestakuntzaren gainean egindako azterketa eta hartutako erabakiak zehaztu behar dira. Horrek aukera ematen du, batetik, ikastetxeko pertsona guztiek prestakuntzan aurrez ikusitako helburuak betetzeko antolaketa eta ordutegi aldeko egokitzapenak egitea; eta bestetik ikastetxea, bere prestakuntza asmoak zehazterakoan, hobekuntzarako konpromiso bat hartzen ari da bere gain, eta horrenbestez, barne-ebaluazioaren konpromiso bat, diseinatutako prozesuari eta erdietsitako emaitzei dagokienez.
2. Ziurtapena
Jarduera bateko parte-hartzaile bakoitzari egiaztagiri bakarra luzatuko zaio eta bertan adieraziko da zer eginkizun bete duen horretan (hizlaria, parte-hartzailea, koordinatzailea) eta osotara konputatu zaizkion prestakuntza ordu guztiak.
Prestakuntza jarduerak egin direla egiaztatzeko, derrigorrezkoa izanen da jardueraren aurrez-aurreko saioetara bertaratzea eta jardueraren lan praktikoa egina izatea deialdian horrela jasotzen bada. Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuta, aurrez-aurreko orduen % 85 gutxienez egina dutenei ziurtagiria eman ahal izango zaie.
3. Izena ematea eta eskaera egitea
Prestakuntza Planean agertzen diren prestakuntza jardueren datak, zenbait kasutan, orientagarriak dira, irakasleek euren parte-hartzea jardueretan planifikatu dezaten. Irakasleen Prestakuntzaren webgunean https://educages.navarra.es/Educa/cursos-formacion/eu/#/public jarduerak egiteko eta izena emateko datak eguneratzen dira. Izena ematea eta eskatutako jarduerako onartze prozesua online bakarrik egin/egiaztatu ahal izanen da, URL berean.
Sistemaren premia batzuek berariazko prestakuntza-neurriak eskatzen dituzte, etra neurri horiek dagokion Atalak ezarriko ditu. Era berean, deialdian ezarritako gutxieneko inskripzio-kopurura iristen ez diren jarduerak bertan behera utzi ahalko dira, betiere prestakuntza burutuko den eskualdea kontuan hartuta.