Irakasleen prestakuntza

Hezkuntza Departamentuak ikastetxera bideratutako askotariko prestakuntza jarduerak planifikatzen eta garatzen ditu, hezkuntza unitate modura harturik ikastetxea. Atal honetan bada jardueren gaineko informazio xehatua.

Kontaktua: Prestakuntzaren eta kalitatearen atala
Mezu elektronikoak: secretaria.cap.pamplona@educacion.navarra.es
Telefonoa: Orokorra 848 426232 Ziurtagiriak eta deialdiak 848 424775 / 848 424776

Prestakuntza modalitateak


Prestakuntza planak prestakuntza modalitate eskaintza aurkeztuko du hobekuntza planaren ondoriozko beharrei eta ikastetxeetan antzemandako egoera anitzei erantzuteko.
Ikastetxeetako prestakuntzaren arduradunek hobekuntza planetik ondorioztatzen den prestakuntza plana euren ikastetxean gauzatu dadin bultzatuko dute. Horretarako, izanen dute ILZetako erreferentziako aholkularitzen laguntza eta orientazioa eta Hezkuntza Departamentuko unitate tekniko desberdinen laguntza.


Jarduera hauen deialdiak aldez aurretik eta behar den denboraz jarriko dira jendaurrean. Haietan jarduerari dagokion informazio garrantzitsu osoa jarriko da: izena emateko egunak, edukiak, hizlariak, datak, ordutegia, etab. Izena online emanen da eta irakasleek bakarka egin beharko dute, Irakasleen Prestakuntzarako web orrian sartuz eta hartan izena emateko fitxa betez. Onartutakoen zerrendak webgune horretan bertan argitaratuko dira, eta ez onartutakoei ez baztertutakoei ez zaie jakinarazpen pertsonalik bidaliko.


Ikastetxeei aholkua ematea


Modalitate honen bitartez irakasle taldeei laguntza eman nahi zaie curriculuma garatzeko prozesuetan eta, orobat, ondoko alderdi hauen gaineko aholkua: programazio didaktikoak prestatu, garatu eta ebaluatzea; prestakuntza jardueretatik edo material didaktikoetatik sortutako proposamenak ikasgelan aplikatzea; garapen bidean dauden gai didaktiko berriak, etab.
Ikastetxeko irakasleek zalantzak edo zailtasunak izan ditzakete jarduera horietako edozeinetan eta, ondorioz, izan litezkeen soluzioak bilatzen laguntzeko aholkua behar izanen dute. Egoera horiei aurre egiteko eskaini da modalitate hau hezkuntza maila eta curriculumeko arlo guztietan.
Izaera irekikoa denez gero, garatu beharreko edukiak Planean aldez aurretik antolatzea ezinezkoa egiten da. Hori hala bada ere, irakasle taldeek, eskaera identifikatu ondoren, Prestakuntza Sarera bidaliko dute.
Ikastetxeak eskaera behar den ILZn egin ondoren, erreferentziako aholkularia irakasle taldearekin harremanetan jarriko da, eskaria argituko du eta, behar den atal edo bulegoarekin elkarlanean, lan plan bat diseinatuko du, beharrezkoak diren baliabideak emanen ditu eta irakasle taldea osatzen duten pertsona guztien parte-hartze arduratsua bultzatuko du, irakasle taldeak gero eta modu autonomoagoan lan egin dezan eta gaitasun profesionala handitu dezan.

 

Prestakuntza modalitateak

 

1. Ikastaroak

Ikastaroak, adituen ekarpenen bidez, irakaslegoaren gaurkotze zientifikoan, teknikoan, didaktikoan eta profesionalean laguntzeko antolatzen dira.

 

2. Mintegiak

Mintegietan, aurrez aurrekoak diren eta ez diren saioak izaten dira. Aditu batek zuzentzen ditu saioak eta bertan hezkuntzako gai jakin batean sakontzen da, aplikazio didaktiko handiagoa eta irakasleen inplikazio-maila handiagoa izanik.

Mintegietan eduki teorikoen garapena nagusiki praktikoak diren proposamenekin konbinatzen da eta orientabideak ematen dira ikasgelan aplikatzeko modukoak diren mintegiko edukiak diseinatzeko, aplikatzeko eta ebaluatzeko. Helburu nagusia hobekuntza eredu izatea da. Jarduera bukatu ondoren memoria bat aurkeztu behar da egindako lana azalduz.


3. Lantaldeak

Lantaldea autonomia-mailarik handieneko prestakuntza modalitatea da eta ikastetxeetako irakasle taldeek proiektu jakinen gainean prestakuntza ekintza bateratua egiteko aukera ematen du.

Modalitate honen hartzaileak ikastetxe bateko edo gehiagoko kideak dira, hezkuntza maila bereko edo desberdinekoak eta ondokoekin zerikusia duten kezka jakinak partekatzen dituztenak: curriculumeko alderdien gaineko eguneratze zientifikoa eta didaktikoa; hezkuntza etapak eta curriculumeko arloak; berariazko gaien tratamendu didaktikoa; curriculumeko materialak prestatzea. Horrexegatik parte hartzen dute irakaskuntzako ikerketa eta irakaslana batzen dituen eta batzuetan hezkuntza berrikuntzarekin zerikusia duten alderdiak lantzen dituen prestakuntza jarduera honetan.

Lantalde bakoitzak hiru kide izanen ditu, gutxienez, eta haietako batek taldea koordinatuko du.

Taldeak laneko plana prestatu eta bere eskualdeko ILZn aurkeztuko du horretarako dagoen eredua erabiliz. ILZk, pedagogia taldearen bitartez, laneko planaren bideragarritasuna aztertuko du, planaren diseinua doitzeko eta zehazteko elkarlanean arituko da taldearekin, haren jarraipena bere gain hartuko du eta aurrez ikusitako lana eraginkortasunez egiteko beharrezkoak diren laguntza material eta formalak emanen ditu. Aztertuko dira lantaldearen autonomia-maila eta horrekin batera bete nahi diren helburuak modu positiboan lortzeko prestakuntza emateko aukera.

Lana bukatu ondoren, lantaldeak memoria idatziko du eta hartan bildu eta ebaluatuko da proiektua egiteko garatu den jarduera. Memoria eta prestatutako lana behar den ILZn geldituko dira gordailuan eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetara bidaltzen ahalko da, betiere errespetatzen badira materiala egin dutenen jabetza intelektualeko eskubideak.

Batzorde batek aukeratu eta ebaluatuko ditu lantaldeak. Batzorde horren kideak izanen dira ILZko zuzendaritzako kideak eta lantaldearen ardura duen aholkularia eta berariazko programekin zerikusia duten proiektuei dagokien unitate teknikoko langileak. Aurkeztutako proiektua (aurretiko diseinua eta amaierako elaborazioa) eta entregatutako materialak hautatu eta baloratuko dira, eta balorazio hori aldekoa bada, lantaldeak egindako lanaren ziurtapena proposatuko da. Irakasleen Prestakuntza Atalak teknikariak gehi ditzake lantaldeak hautatzeko eta ebaluatzeko batzorde horretan.

 

4. Kongresuak eta jardunaldiak

Kongresuak eta jardunaldiak  izaera puntualeko prestakuntza modalitateak dira. Hauen helburu nagusiak dira aurretik finkatutako gai monografiko baten gaineko edukiak hedatzea, esperientziak trukatzea edo arlo zientifiko edo didaktiko batean gertatzen ari diren aurrerapenen gainean eztabaidatzea. Beraien diseinuan sar daitezke adituen hitzaldiak, esperientzia eta komunikazioen aurkezpena, lantegiak, mahai-inguruak eta material erakusketak.

 

5. Hitzaldia eta informazio saioa

Hitzaldia aditu batek eremu zientifiko edo didaktiko baten gainean jendaurrean egiten duen disertazio edo azalpena da, eremu hori irakasteko edo hedatzeko.

Informazio saioak jarduera puntual eta laburrak dira. Eskuarki hezkuntzarekin zerikusia duten alderdi zehatzen gaineko informazioa ematen dute eta ikasgelako material eta baliabide zehatzak aurkezteko eta haien ahalmen didaktikoak aztertzeko erabiltzen dira.